Auzo, kirol, Monterron, komertzioa,… “biziberritzeko neurriak ditugu”

0
1310

Arrasateko EH Bilduk bere Herri-programa aurkeztu du gaur arratsaldean Monterron ondoan, Herrigintzako hainbat pertsonarekin landutakoa, “Arrasate alaia izateko”.

Maider Morras Azpiazu alkategaiak berretsi duenez “talde honek, guk eta Herrigintzatik etorritako hainbat eta hainbat pertsonak egituratu dugu eta proposatuko dugu programa berritzaile bat”.

Programa hau “batez ere oinarrituta dago Arrasate biziberritzen. Guk gure Herria asko maite dugu, eta Herriak azken urteetan ikusi dugu gainbehera handia jasan duela“.

Gehitu duenez “Herria triste dago eta ez da egokitzen herritarrok ditugun beharretara”. Hori aldatzeko asmoz, arloz arlo proposamenak aurkeztu dituzte:

“Gure asmoa da Herri honen alde lan egitea, Arrasate biziberritzea, alaia izatea eta poztasunez betetakoa izatea programa politiko eta ekintza politiko bereziekin”.

Era berean, koalizioa soberanistak beharrezko ikusten ditu “etxebizitza zerbitzu publikorako bulegoa eta Cohousing proiektu komunitarioa”

Izan ere, “Etxebizitza premia gero eta larriagoaren aurrean eta bereziki gazte eta sektore zaurgarrienen etxebizitza eskubidea bermatu eta errazteko” zenbait neurri proposatzen ditu:

  • Etxebizitza parkearen azterketa eta berrantolaketa
  • La Merced-eko Cohousing proiektu publiko komunitarioa
  • Larrialdietako etxebizitzak
  • Alokairurako dirulaguntzak
  • Birgaitzeetarako dirulaguntzak

Jaime Bengoa Madina hautagaiak adierazi du “Herri bizia, Arrasateko bizi bat izateko proposatzen duguna dela tokiko merkataritza berraktibatzea eta babestea. Nola?

  • Pizgarri ekonomiko eta fiskalak emanda
  • Aholkularitza eskainita
  • Lokalak berreskuratzeko proiektuak garatuta (adibidez alokairuak erregulatuta)
  • Erakusleihoak berreskuratuta
  • Lokal hutsak betetzeko alternatiba ezberdinak aztertuta
  • Zerbitzuak kalera ateratzeko aukerak emanda

Hortaz gain, “ezinbestekoa da bizi dugun garaian, kontsumo eredu berriak aztertzea eta kontsumo eredu berrietara egokitzea. Eta ezinbestekoa da ere digitalizazioari, trantsizio energetikoari eta errelebo generazionalari benetako erantzun bat ematea”.

Kirolei dagokienez, Mikel San Miguel hautagaiak berretsi du ‘Kirol herria’ egitasmoaren mamia. “Herriak Musakolan kiroldegi berri eta duina behar du etzirako. Musakola kiroldegiaren birmoldaketatik hasiko gara eta Iturripen dauden beharrei erantzuteraino”.

“Kirola herri osoan integratzea da gure helburua. Beraz, zertan ezberdintzen gara? Duda barik, egiteko moduan. Kirola inklusio-tresna bezala erabili nahi dugu, adin guztietako pertsonek etxetik gertu kirola praktikatzeko aukera izan dezaten”.

“Erraztasunak eman nahi dizkiegu herritarrei kirolak praktikatzeko, bai ekonomikoki, bai azpiegitura maila, bai kudeaketari dagokionez. Horretarako, elkarlanean arituko gara kirol-klubak, herritarrak eta Udala”.

Eñaut Arriaran Villar hautagaiak adierazi du “Monterrongo proiektua berria da zuentzat, Arrasaten hazi eta hezi garenondako Monterron jauregia berezia da, duda barik. Bertan izan ditugu urteetan zehar liburutegia eta margolaritza eskola, ondoren musika-eskola, eta irailetik aurrera funtzio soziala betetzen jarraituko du”.

“Ezin dugu jauregi hau enpresen erabilerarako soilik utzi, ongietorriak enpresagintza proiektuak. Baina badauzkate horretarako propio leku egokiak ere. Monterron jauregia eta parkea herritarrontzat behar dute izan, orain arte bezala”.

Horregatik “gazteleku eta txiki-txokoa bertan kokatzea proposatzen dugu, modu honetan familiak bertan elkartuko dira, haurrekin. Txoko irekia izango da, eta 9 eta 12 urte bitarteko haurrek ere bertan beraien elkargune eta bilgunea izango dute”.

“Arrasaten Hezi proiektua ere erdigunea izango da, gure helburua gizarte kohesioa lantzea baita, Hezkuntza-eragile, familia eta Udalaren artean”.

Auzoek “ere kezkatzen gaituzte – gehitu du Mikel San Miguel hautagaiak – urteetan zehar Herriak oro har izandako joera berdina izan baitute. Horregatik, “auzo biziak nahi ditugulako:

  • Landa-auzoetan digitalizazioa eta irisgarritasuna hobetuko ditugu
  • Udal-zerbitzu batzuk auzoetara gerturatuko ditugu
  • Auzo-alkatetzeak funtzioz beteko ditugu
  • Aldapan dauden auzoetan (Erguin, Gorostiza eta Makatzenan) ranpak eta eskailerak proiektatuko ditugu
  • Gainera, hauen eta igogailuen funtzionamendu egokia bermatuko dugu

Gladys Fernandez Urizar hautagaiak ondorengoak gehitu ditu “Feminismotik:

  • Emakumeon aukera- eta eskubide-berdintasunaren alde lanean jarraituko dugu
  • Arrasateko Indarkeria Matxistaren Aurkako Plana kajoitik aterako dugu
  • Emakume Txokoa behingoz lekuz aldatuko dugu
  • Sektore feminizatuetako eta prekarizatuetako emakumeak babesten saiatuko gara

“Garai berrietako beharrei erantzunez, jendarte kulturanitz eta aberats honetan bizikidetza eta elkarren aitortzaren balioak bultzatuko ditugu Herriko eragileekin eta ikastetxeekin elkarlanean”.

“Euskara, gu guztion ondarea eta altxorra, batzen gaituen elementu gisa, erdigunean jarriko dugu. Euskarara hurbiltzeko bideak errazteko behar diren tresna eta baliabideak herritar orori eskainiz”.

Albistea osatzen gabiltza

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen