Arrasate Musikaleko Banda talde lagunekin AMren 50. urtean aritu da

0
650

Musika-eskolak mende erdia betetzen du, eta gaur bertako bandak Sanjoanetako kontzertua eman du, gaitariak edota txistulariak lagun.

Sargori egin duen arren, herritar ugari bertaratu dira Monterron parkera, AM Bandaren jaietako ohiko emanaldiaz gozatzera. Mikel Markiegi zuzendari, besteak beste, pieza hauek eskaini dituzte:

Arrasate Musikal Ereserkia (Juan Arzamendi), La Isla de las Perlas (Pablo Sorozabal), Earth, Wind & Fire Medley (konp. Masamicz Amano), At the Mambo Inn (konp. Toshio Mashima) eta La Dominguera (Silvanio Cervantes).

Aurten ere ez dira falta izan San Joan Himnoa eta ‘Gora Arrasate’. Gainera, musika-eskolaren 50. urteurrenean, zenbait taldek bat egin dute bandarekin, txistulariak, gaitariak.

Enrike Dolarak, Arrasateko Gaiteroak kultur-elkatearen izenean, publikoki ere zoriondu du AM, “musika-hezkuntzan egindako lanagatik, gure herriaren kultura aberasten lagunduz”.

Gainera eskerrak eman dizkio “gaita bere eskema pedagogikoan sartzeagatik, eta proiektu honetan parte hartzeko eskaini digun aukeragatik”.

Gogoan izan dituzte “gurekin lankidetzan aritzeko eta ikasteko zortea izan dugun pertsonak: ikasleak, zuzendariak eta azken finean lagunak. Musikari hobeak eta batez ere pertsona hobeak egin gaituzte”.

Esker onez, bere garaian Jose Angel Iturbe artista arrasatearrak Arrasateko Gatieroei, Aprendices eraikineko fatxada zati batean inspiratuta, artelan bat egin zuen.

Aprendices eraikineko obrek iraun bitartean, gaiteroek izan dute artelana gordetzeko ardura, eta artelan hau “gaur iritsi da berari dagokion lekura, hau da, Juan Arzamendi Musika Etxera”.

Horrela, kontzertuan Jose Angel Iturbek artelana AM Bandako zuzendari Mikel Markiegiri eman dio, publikoaren txaloen artean. Zorionak Arrasate Musikal!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen