Arrasate Bluesek bertako zaporea izango du: Erromintxelak, 8’46 Dixie Band,…

0
1630

Ibai-Artek antolatuta, kultura-jaialdiak ere blueseko emakume aitzindariak aldarrikatuko ditu. Hala, hainbat emakumek eta arrasatearrek parte hartuko dute jaialdian, besteak beste Itziar Yagüek.

Jaialdi honen babesleak Ibai-Arte, Arregi hortz klinika, Kobate, Ozenki elkartea, Arrasateko Udala eta Eusko Jaurlaritza dira.

Kontzertuak uztailaren 15etik 18ra (ostegunetik igandera) izango dira, eta hemen dituzu bertan parte hartuko duten zenbait proposamen:

Erromintxelak:

Hiru arrasatearrek eta bergarar batek sortu berri dute taldea. Antolakuntzak azaldu bezala, “aurretik talde desberdinetan aritu izan dira elkarlanean, hortik etorri zen proiektu berri hau sortzeko ideia. Taldekide guztiek musika ikasketak dituzte, eta denek irakasle dihardute Euskal Herriko musika eskola zein kontserbatoriotan”.

Hala, “Zigor Martinez klarinete-jolea, gaur egun Arrasate Musikaleko Big Bandako zuzendaria da. Iñigo Zubizarreta manouche-gitarra-jolea, eskarmentu handiko musikaria da rock esparruan. Aitor Moreno kontrabaxu-joleak eta Jon García gitarra-jole eta abeslariak, bluesa inprobisatzen eman dituzte azken urte hauek”.

“Instrumentu akustikoak baliatzen dituzte ikusleak dantzan jartzeko. Swing musikaren ezaugarri jolasgarri eta dantzagarrienetan oinarrituz, abesti sorta paregabea eskainiko digute. Euren erritmo frenetikoek Bigarren Mundu Gerrako Parisera eramango gaituzte”.

8’46 Dixie Band:

Taldea sortu berria da, Arrasate Musikaleko zenbait ikaslek dixie musikarekiko erakutsitako interesaren ondorioz. Proiektua musikazalez eta musikari profesionalez osatuta dago, herriko bandako kideak direlako: Rakel Murgiondo piano-jolea; Arturo Lasa klarinete-jolea; Jabi Lazkano saxo tenorea; Eduardo Abarrategi tronpeta-jolea; Mikel Markiegi tronboi-jolea; Enrique Dolara tuba-jolea; eta Jose Ramon Elkoro perkusio-jolea.

“Dixie errepertorioa eskainiko dute, New Orleans giroko musika-zale guztiei aski ezagunak irudituko zaizkien abestiei ukitu berezia emanda”.

Itziar Yagüe Quinteto:

Itziar Yagüe Arrasaten bizi izan zen 13 urte zituen arte, eta berak azaltzen duenez hemen “Mozarten ‘Ave Maria’ edota Sarasateren zortzikoak” abesten zituen. ‘Delicious’, Itziar Yagüe abeslariak 2020an 10”ko biniloan argitaratutako lehen konpositore lanak, kritika bikainak jaso ditu: bai bluesa eta jazza aztertzen duten hedabideetan, baita hedabide jeneralistetan ere.

“Abeslariak, emozioa eta benetakotasuna gainditzen dituzten konposizio propioak aurkezten ditu, musika afroamerikarreko genero klasikoenen esentzia guztia jasotzen dutenak: blues vaudevillea, jazz zaharra, edo abesti espiritualak gospel oihartzunekin. Itziarrek hamar urteko eskarmentua du talde ezberdinetako abeslari gisa, eta bere proposamenak ekarriko dizkigu bost urterekin kantuan hasi zen herrira”.

Besteak beste, Gospel & Blues Ciudad de Talavera 2020 Jaialdian, 2018ko Gasteizko Jazzaldiaren programazio paraleloan, eta Thyssen Museoaren XXV. urteurrenean aritu da Itziar.

Santiago Alcanda, ‘Como lo oyes’, RNEeko Radio 3n: “Jazza, bluesa, soula, swinga… arima sendoa eta jakituria musikala. Gure gertuko ahotsa, generoko dama ospetsuenen oinordekoa: Alberta Hunter, Billie Holiday, Sarah Vaughan… baina nortasun harrigarrikoa”.

Diego Manrique, zenbait hedabidetan argitaratua: “Itziar Yagüe blueswomanak ‘Delicious’ lehen disko ederra atera du. Bere sei abestietan, denak originalak, rhythm & blues, gospel eta country arrastoak daude. Eta abestiak oso dantzagarriak dira”.

Mario Fernandino:

Mario ibilbide luzeko musikaria da. Gaur egun Arrasate Musika Eskolako irakasle dihardu, baita Arrasate Musikaleko Big Bandako partaide ere.

“Proiektu hau osatzeko Mikel Maniega tronpeta-jolea, Diego Belzunegi piano-jolea, Aitor Moreno baxu-jolea eta Gorka Gaztanbide bateria-jolea batu zaizkio Mario Fernandino maisuari. Errepertorioa, aurreko mendeko jazzari egindako hurbilketa izango da, bolero estiloko musika-herrikoiaren moldaketekin zipriztinduta”.

arrasateblues.com

Erlazionatutako albisteak:

Arrasate Bluesek blues musikaren aitzindariak eta herriko musikariak izango ditu protagonista

2021ko ekainaren 9an argitaratutako albistea

Arrasate Blueserako motorrak berotzen [Testua: Ibai-Arte]

20121eko ekainaren 16an argitaratutako albistea

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen