Arrasate Bluesek blues musikaren aitzindariak eta herriko musikariak izango ditu protagonista

0
540

Gaur goizean aurkeztu dute Arrasate Blues jaialdiaren aurtengo edizioa, uztailaren 15etik 17ra bitartean, Arrasate musikalek Monterronen duen egoitzan. Aurtengo jaialdian bluesaren emakume aitzindariak aldarrikatuko dituzte, emakumeak izan baitziren soinu hori musika kategoriara igo zutenak. Asmo horrekin, aurten parte hartuko duten 10 taldeek 7 emakume dituzte buru.

Aurreko hiru edizioetan bezala, aurtengoak ere apustu garrantzitsua egin du Arrasateko eta inguruko taldeen alde. Herrian zehar banatuko diren 7 eszenatokiak igoko dituzten taldeetako hiru Arrasatekoak dira, eta beste bik herri sarrailagilearekin harreman estua duten kideak dituzte.

Aurtengo beste nobedade garrantzitsu bat Jesusi Etxebarriari egingo zaion errekonozimendua izango da; izan ere, musika irakasle izan da urte askoan. Uztailaren 15ean egingo zaio omenaldia. Arrasate Musikaleko hainbat ikasleren eta bere ikasle ohi Itziar Yagüeren laguntzarekin.

Jesusi Etxebarria: musikaren aitzindaria

Jesusi Etxebarriaren aitak, Arrasateko bandako musikariak, musikarekiko zaletasuna piztu  zion. Lau urte zituenean, solfeoa ikasten hasi zen, eta bere lehenengo irakaslea Justo Munarriz izan zen, herriko bandako zuzendaria.  Musikazale  nekaezin hau Juanito Arzamendi, Jose Maria Gonzalez Bastida, Francisco Escudero eta beste hainbat pe4rsonaia ezagunen ikasle ere izan zen. 1962, 21 urte zituela, Arrasateko lehenengo musika akademiaren ateak ireki zituen. Jesusik 50 urte eman ditu musikaren ezagutza  lau haizetara zabaltzen, 2012an erretiroa hartu zuen arte. Arrasate, Aretxabaleta, Oñati, Eskoriatza eta baita Gasteizko ikasleak ere izan ditu. Horrez gain, Arrasate Musikalen ere irakasle izan zen urtebetez.

Pianoa ikasten hasi bazen ere, haren prestakuntza zabalari esker, gitarra, txistua eta kantu korala ere irakatsi zituen. Bere anekdoten artean, bada bat benetan esanguratsua: 50 urte zituenean, ikasleek egiten zioten eskaria erantzuteko, gitarra elektrikoa eta baxua jotzen ikasi zuen. Ikasleekin eta, oro har, musikarekin zeukan konpromisoaren erakusgarri argia.

Arrasateko kaleak agertoki bihurtuko dira

Arrasate Blues hazi egin da. Aurten, lau eguneko iraupena izango du eta hamar taldek parte hartuko dute. Musika Arrasateko txoko guztietara heldu dadin, jaialdiak zazpi agertoki izango ditu, den-denak kalean. Irekiaren egunean, uztailaren 15ean, Itziar Yagüe Quintero arduratuko da jaialdiko lehenengo akordeak jotzeaz. Yagüek ‘Delicious’  izeneko bere azken lana aurkeztuko du Herriko plazako agertokian arratsaldeko 19:00etan. Kontzertu hori berezia izango da Itziarrentzat, Jesusi Etxebarriarekin ikasi bazuen ere, hau izango da baita Arrasaten joko duen lehen aldia.

Uztailaren 16an, bi taldek parte hartuko dute jaialdian: Erromintxelak eta Voodoo Charms. Ostiraleko arratsaldea girotuko dute bi talde interesgarri horiek.

Zalantzarik gabe, uztailaren 17a, larunbata, izango da egun handia. Egun horretan, lau izango dira herriko agertokietara igoko diren taldea. Animal Janek joko du lehenbizi Portaloiko agertokian, eta Iker Piris & Sheilah Cuffyk amaiera emango diote goizeko txandari Jokin Zaitegin. Arratsaldean, Noa & The helldrinkers eta Mississipi queen & the wet dogs taldeen txanda izango da, Ferreriasen eta Herriko plazan.

Agurra ere borobil-borobila izango da, bigarren egunez jarraian, lau taldeen musikaz gozatu ahal izango delako. Arrasaten bost urtez bizi izan den Estitxu Pinatxok hasiera emango dio igandeari Portaloiko agertokian. Berako artistaren kontzertua euskaraz izango da; jaialdiak euskarari urtero egiten  dio keinua da hau. Estitxuren ondoren, herriko Mario Fernandino eta 8,46 Dixie Band taldeen txanda izango da. Arratsaldean, berriz, Willyk (Los Brazos) emango dio urrezko amaiera.

Aniztasuna eta kalitatea nagusi diren kartela osatzea lortu du antolakuntzak. Aurten Arrasate Bluesek argi utziko du geratzeko etorri dela, eta jaialdi bizi eta alai bat osatzeko ahalegina egin du. Horri esker, inork ez du arazorik izango bere gustuko erritmoa aurkitzeko.

Nabarmendu behar da Erremintxeak, Mrio Fernandiko quinteto eta 8,46 Dixi Band herriko taldeak direla, eta, hurrenez hurren, ostiralean Herriko plazan eta igandean Arbolapetan joko dutela. 8,46 Dixie Band taldea jaialdiko azken egunean ere arituko da, eta talde hori izango da Arrasateko kaleetan gora eta behera ibiliko den bakarra.

Arrasate Blues etiketadun garagardoa ere prestu jaialdiak, eta dagoeneko herriko tabernetan eskuratu daiteke. Horrez gain, Ternuaren laguntzari esker, jaialdiaren kamisetak salgai jarriko dira. Hilabete honetan Kajoi tabernan izango dira salgai.

Elkarteak eskerrak eman nahi dizkie parte hartzen duten taberna guztiei: 1990 Gastroteka, Buenuena, Doke, Ezkiña, Irati, Itzala, Kajoi, Monte, Nahi eta Taupa; Kobateri, Ozenki elkarteari, Arregui Hortz klinikari eta baita Arrasateko Udalari, ekimen hau Ibai-Artek antolatu baitu Arrasateko Udalaren laguntzarekin.

Txakoli eguna

Uztailaren 17an, jaialdiaren azken egunean, txakolin Eguna antolatzen ari dira Arrasateko Udala, Debagoieneko Mankomunitatea, Ibai-Arte eta Arrasateko tabernak elkarlanean. Orain arte 30 taberna baino gehiago apuntatu dira.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen