Arantxa Alkorta Idiakezek Orio eta Usurbilgo bi argazkirekin hartuko du parte udako argazki lehiaketan

0
1251

Arantxa Alkorta Idiakezek ere parte hartu du Mondraberrik antolatutako udako argazki lehiaketan, Orio eta Usurbilen ateratako bi argazkirekin.

Lehenengo argazkiak “Azken meandroa” du izena eta Orion aterata dago. Oria ibaiak itsasoratu aurretik egiten duen azken meandroa erakusten du irudiak. Alkortak azaldu duenez, Oriora doan trenetik ikusten du paisaia hori sarritan, lanera bidean.

“Oria ibaia geldo doa, nagiak atera ezinik ibiliko balitz bezala, eta itsasoratu baino lehen, azken meandro hau oparitzen digu”, azaldu du.

Lainoak eta hezetasunak inguratzen duten paisaia horrek ametsezko bidaia bihurtzen du, haren esanetan, goizeko treneko ohiko ibilbidea. Hala ere, duela hilabete batzuk bidaiarien artean Aginaga eta Orio artean tunel bat egiteko aukeraz hitz egin zutela kontatu du, trenak azkarrago eta sarriago ibil daitezen.

Alkortak espero du tunel hori ez egitea, bestela goizeko treneko paisaia galduko lukeelako. Horren harira, Mikel Laboaren “Gure bazterrak” abestia ekarri du gogora.

Bigarren argazkiak, berriz, “Likenak” du izena eta Usurbilgo Andatza mendian aterata dago. Aurtengo uda hasieran, etxetik atera eta oinez abiatu zen Andatza ingurura. Bakarrik zihoan, bide jakinik jarraitu gabe eta bide berriak aurkitzeko asmoz.

Ibilaldian, haitz batean itsatsitako liken batzuekin egin zuen topo, eta haien koloreek arreta eman zioten. «Ustekabean, a ze kolore festa! Zein edertasun, haitz batean itsatsita», adierazi du.

Argazkilaritzarekiko duen zaletasunak bultzatuta, maiz ateratzen du mugikorra inguruan aurkitzen dituen une edo xehetasunak jasotzeko. Oraingoan, ordea, bereziki merezi izan zuela dio.

Zuk ere jada lehiaketan parte hartu dezakezu, argazki bat, bi edo gehienez hiru mondraberri@gmail.com helbidera bidaliz.

Emailean ondoko datuak jarri behar dira:
• Argazki egilearen izen-abizenak
• Kontakturako mobileko zenbakia
• Argazkiak erakusten duen lekuaren izena
• Esperientzia horri buruzko komentario bat


Argazkiaren gaia edozein izan daiteke, eta ezin da adimen artifizialik erabili. Irudiak argitara emango ditugu egunkari honetan, eta argazkiak aurkezteko azken eguna irailaren 15a izango da.


Epaimahaia argazkilaritzan adituak diren pertsonek osatuko dute. Saria bi pertsonendako afari goxo bat izango da, Udala auzoko Larrinetxe jatetxean.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen