Dorletako Ama Txirrindulari Taldeak izen-emate kanpaina abiatu du

0
1227

Irailaren 15era arte eman ahal izango da izena, eta entrenamenduak urriaren 7an hasiko dira.

Oporren bueltan, Dorletako Ama Txirrindulari Taldea denboraldi berria prestatzen hasi da, eta izen-emate kanpaina martxan jarri du. Taldearen helburua bailarako neska-mutilek bizikletaz gozatzea eta kirola lagun giroan egitea da.

Aurtengo denboraldian hiru kategoria izango dira: benjaminak (2017 eta 2018 urteetan jaiotakoak), alebinak (2015 eta 2016) eta infantilak (2013 eta 2014). Entrenamenduak asteazken eta ostiraletan egingo dituzte, 18:00etatik 19:00etara.

Izen-emateko edo zalantzak argitzeko, interesdunek dorletatxe@hotmail.com helbidera idatzi beharko dute. Bertan emango zaie izen-ematea gauzatzeko beharrezko informazio guztia.

Izen-emate epea irailaren 15era arte egongo da zabalik, eta entrenamenduak urriaren 7an hasiko dira. Taldeak bailarako neska-mutikoak animatu ditu bizikleta hartu eta taldean txirrindularitzaz gozatzera.

Bestalde, Dorletako Ama Txirrindulari Taldeak eskerrak eman dizkie denboraldi honetan taldea babesten duten enpresa eta udalei. Honako hauek dira babesleak: JMA, Oreka Cycling Space, Laboral Kutxa, Dikar, Ion Zerbitzuak, Mondragon Assembly, Ikerlan, Fagor Professional, Fagor Arrasate, Fagor Ederlan, Arizmendi Ikastola, Arrasateko Udala eta Aretxabaletako Udala.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen