Udalak “Jardun zure alde, osasunez!” lelopean aurkeztu du 2026-2027 denboraldirako kirol-ikastaroen eta instalazioen eskaintza berria. San Miguel Kirol saileko zinegotziak azaldu duenez, ekimen honen helburu nagusia herritar guztiei modu aktibo eta dibertigarrian kirola egiteko aukera zabala eskaintzea da, adin eta maila desberdinetara egokituz.
Eskaintza bi kiroldegi nagusietan banatuko da. Musakola kiroldegian aretoko zein uretako jarduerak eskainiko dira: alde batetik, jarduera lasaiak (Pilates, Yoga, Body Balance, kirol egokitua eta K-Stretch) eta aktiboagoak (Kore Stretching, Total Training, Zumba, Spining, Body Pump, Hit-TRX, Hit30 eta Full Fitness); bestetik, gazteei zein 60 urtetik gorakoei zuzendutako saio egokituak, eta uretako ikastaroak (Aquagym, Matrogym, Igeriketa Terapeutikoa nahiz adin guztietarako igeriketa ikastaroak). Uarkape kiroldegian, berriz, K-Stretch eta Hipopresibo ikastaroak emango dira, baita adin desberdinetara egokitutako eskalada saioak ere (8 urtetik gorako haur, gazte eta helduentzat).
Ikastaro berriak ezagutarazteko eta herritarrek doan probatzeko aukera izan dezaten, Udalak ate irekien jardunaldiak antolatu ditu irailaren 7, 8 eta 9rako Musakolan eta Uarkapen. Parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute Musakolako harreran edo 943 25 20 30 telefono zenbakira deituz. Plaza mugatuak direnez, bertaratu ezingo dutenei izen-ematea aldez aurretik bertan behera uzteko eskaera egin die Udalak, beste herritar batek lekua aprobetxatu ahal izan dezan.




