Ludotekak irailaren 7an irekiko dira, Gaztetxokoak hilaren 8an eta Gaztelekua irailaren 11n.
Iraila iristearekin batera, Arrasateko Ludotekek eta Gaztetxokoek ikasturte berriko ohiko jarduerari ekingo diote. Zerbitzu horiek aisialdi hezitzaileko eskaintza dute herriko haur eta nerabeei bideratuta, haien interesak, beharrak eta egoera emozionala erdigunean jarriz. Okendo, Santa Marina eta Usaetxeko ludotekek irailaren 7an, astelehenean, irekiko dituzte ateak, eta astelehenetik ostiralera egongo dira zabalik, 17:00etatik 20:00etara. 3 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzendutako guneak dira, jolasteko, gozatzeko, harremanak sortzeko, auzoan eta herrian parte hartzeko eta sormena zein emozioak adierazteko espazioak. Berdintasuna, euskara eta inklusioa dituzte oinarri. Aurtengo ikasturtean ere matrikula doakoa izango da, eta izen-emateak ludoteketan bertan edo online egin ahal izango dira.
Bestalde, Erguin, Musakola eta San Andresko Gaztetxokoek irailaren 8an, asteartean, ekingo diote ikasturteari. Asteartetik ostiralera egongo dira zabalik, 17:00etatik 20:00etara. 12 eta 17 urte bitarteko nerabeei zuzendutako gune horietan pertsonen arteko harremanak, parte-hartzea, sormena, autonomia eta emozioen adierazpena landuko dituzte. Aurtengo berritasun nagusietako bat San Andresko Gaztetxokoaren itzulera izango da. Egokitzapen lanak amaituta, ohiko kokalekura itzuliko da, baina instalazio guztiz berrituekin, eta nerabe guztiak gune berria ezagutzera gerturatzera gonbidatu dituzte.
Gaztelekuak, berriz, irailaren 11n, ostiralean, irekiko ditu ateak. Nafarroa etorbidean dagoen tren geltoki zaharrean kokatuta, nerabeei zuzendutako asteburuko aisialdi eskaintza bideratuko du. Ostiraletan 18:00etatik 21:00etara egongo da zabalik, eta larunbat eta igandeetan 17:00etatik 21:00etara. Informazio gehiago nahi dutenek Gazte Bulegora jo dezakete, 943 25 20 65 telefono zenbakira deitu edo gaztebulegoa@arrasate.eus helbidera idatzi.






