Arrasateko Trikitixa Eskolak ikasturte berriari ekingo dio datorren ostiralean, irailaren 11n, Eskola Plaza ekitaldiarekin. Jardunaldia kalejirarekin hasiko dute, eta herriko plazan egingo dute geldialdia.
Ekitaldian, eskolaren berri gertutik ezagutzeko aukera izango dute herritarrek. Izan ere, oraindik zabalik dago Arrasateko Trikitixa Eskolan matrikulatzeko epea, eta interesa dutenek aukera izango dute bertan informazioa jasotzeko eta izena emateko.
Eskolak urrian hasiko dituzte, Maritxu Kajoi ospakizunaren ondoren. Une honetan, taldeak eta ordutegiak antolatzen ari dira.
Ai Ama! talde gaztearen erromeria
Eskola Plazaren barruan, Ibai-Arte Dendari Elkartearekin elkarlanean, erromeria izango da Portaloian, 19:30ean, Ai Ama! taldearen eskutik.
Ai Ama! taldea 13 eta 16 urte bitarteko sei gaztek osatzen dute. Villabona, Urnieta, Aduna, Tolosa eta Hernanitik datoz taldeko kideak, eta duela lau urte hasi ziren lehen entseguak egiten.
2023an eman zuten lehen kontzertua, Oialumen, eta ordutik hainbat emanaldi eskaini dituzte. Aurrerantzean ere kontzertu gehiago emateko asmoa dute.
Taldearen ibilbideko lorpen garrantzitsuenen artean, “2Haritik” diskoan bi abesti grabatu izana eta “Biba Zuek!” programan parte hartu izana daude.






