Testua: Goienagusi.
Urriaren 5ean Bergarako Seminarixoan Goienagusik 2022-2023ko ikasturtearen hasierako ekitaldia egin zuen. Bertan ikasturteko erronka eta helburuak azaldu zituen Goienagusiko Zuzendaritza Batzordeak. Ondoren, lehenengo hiruhilabetekotarako antolatutako ekintzak jakitera eman ziren: hitzaldiak, kultur bidaiak, ikuskizunak, enpresa eta museo bisitak, mendi ibilaldiak, ikastaroak edo tailerrak.
Lehenengo ekitaldia Arrasaten egingo da, urriaren 10ean, astelehena, goizeko 10:00etan Kulturateko areto nagusian. Anjel Lertxundik ‘Txillida eta Oteiza: herri baten bidegurutzean’ hitzaldia emango du. Lertxundi (Orio, 1948). Filosofian lizentziatua. Irakasle jarduna Zarauzko ikastolan eta Donostiako Magisteritza Eskolan. Idazle, gidoilari eta kazetari, tebistarako eta zinerako egin du lan eta euskarazko zein gaztelaniazko hainbat egunkaritan kolaboratu (Berria, Noticias, El País…). Euskal Idazleen Elkartearen sortzaile eta estraineko lehendakari izana. Euskaltzaindiko ohorezko euskaltzain.
Literaturaren alor guztiak jorratu ditu, eleberri eta ipuinetatik hasi eta itzulpen eta saiakerara, haur eta gazte literatura ahaztu gabe. Zinemaren munduan ere murgildu izan da, bi pelikula zuzenduta: 1985ean ‘Hamaisegarrenean aidanez’ (izen bereko bere liburuan oinarritua) eta 1987an ‘Kareletik’.
‘Txillida eta Oteiza: herri baten bidegurutzean’ hitzaldia
Anjel Lertxundi idazleak XX. mendeko bi artista handien, Oteiza eta Txillidaren, ibilbidea eta euskal kulturari egindako ekarpenak izango ditu aztergai hitzaldi honetan.
Gerraren bukaerak deskalabru sozial eta espirituala ekarri zituen euskal gizartearen bazter guztietara, baina 1960ko hamarkadan berebiziko aldaketa gertatu zen euskal historian eta kulturan: zurrunbilo politiko-kultural baten bidegurutzean, oso ilun ikusten zen arren etorkizun libre baten aukera, sekulako suspertze handia ezagutu zuten industriak eta ekonomiak, politikak, herrigintza deitzen genuen aktibismoak, ETAren iraultzaren aldeko aldarriak, kulturak eta arteak (euskara batua, ikastolak eta argitaletxe berriak, euskal kantagintza…). Urte haietan ezagutu genituen Vietnameko gerra eta 68ko maiatza ere.
Nahiz ez Txillidak ez Oteizak egiten zuten euskaraz, euskal munduaz eta euskaraz egindako kulturaz interesatu ziren eta euskaratik zetorren hainbat elementu etniko eta ikonografiko integratuz zuten beren ikuspegi estetikoan eta obretan.
Euskara izango zen txikia, apala, txiroa, baina, ez zen lotsatzekoa. Euskarak interesa sortzen zuen estetikoki, eta orduko hartan, euskara Oteizaren apostoluak baino abandonatuago zegoenean historiaren errepide-bazterrean, iparrorratza modernitateari begira jarri behar genuela esaten zigun artista haien lanak. Oteiza eta Txillida gabe, oso bestelakoa izango zen, zentzu askotan, 60ko hamarralditik Trantsizioa bitarteko garaia euskal kulturarentzat.
Goienagusiren X. urteurrenaren aurrerapena
Amaitzeko, urriaren 26an Kulturaten Goienagusik ospatuko duen bere X. urteurrenaren aurrerapen txiki bat aurkeztuko da.
Ibilbide luze honetan, elkarrekin partekatu ditugun jakinmina, ilusioa, bizipenak, emozioak, etab. izango ditugu hizpide eta elkarrekin bistadazo bat emateko aukera aparta izango dugu.
Aldi berean, hau guztia ahalbideratu duten juntakide, kolaboratzaile, bazkide, eta erakunde babesleei ere, eskerrik beroenak emateko aukera izango dugu ekitaldi xume honetan eskualdeko hainbat agintarien aurrean egitarau honi jarraituz:
– 11:00tan Arrasateko Kulturaten Goienagusiren bilakaera.
– 12:30etan Hotel Mondragonen elkarren arteko mokadutxoa
Zuen zain izango gaituzue egun eder hau guztion artean borobiltzeko!
Oharra: Aforoa eta aperitiboa aldez aurretik lotzeko, ezinbesteko izango zaigu garaiz bidaliko dizuegun izen ematea jasotzea.




