Beste askori baino gehiago kosta zitzaion profesionaletarako jauzia ematea, baina Ander Murua ibilbide oparo bat emateko moduan dago, Asperekin lotzen zuen kontratua beste lau urtez luzatuta. Gaur eman du jakitera Eibarko enpresak 2030. urtera, gutxienez, jarraituko duela Asperen elastikoa janzten.
«Debuta ustekabekoa izan zen 24 urterekin. Aklimatazioko lehen urtearen ondoren, bigarren denboraldia ona izan da». Mailari tamaina hartzeko lehen urte baten ondoren, 2026a borobila izaten ari da arrasatearrarentzat, Gabirondorekin Binakako txapela irabazi baitzuen udaberrian, Buruz Buruko finala jokatu zuen uda hasieran eta orain egun gutxi Bilboko Aste Nagusia torneoa Joseba Aldabereki, guztiak B-Serie mailan.
«Oso eskertuta nago enpresak nigan jarri duen konfiantzagatik. Lau urte aurretik izanda, lasaitasuna eta konfiantza ematen dizu nire kontratu berriari ilusio handiz aurre egiteko», nabarmendu du Muruak. Hemendik aurrerako bere helburuak ez dira bere hastapenetatik oso ezberdinak, nolanahi: «nire onena ematea eta ahalik eta txapelketa gehien jokatzea», nabarmendu du.
Ander Muruak 2024ko irailaren 7an egin zuen debuta Arrasateko Uarkape pilotalekuan eta ordutik 108 partida jokatu ditu gorengo mailan, 61 garaipen eta 47 pilatuta.




