Egitarau zabal eta oparoa aurkeztu du Santamas Komisiñuak

0
2529

Santamas komisiñuak aurtengo jaietako egitarauaren berri eman du, urtero bezala tradizioak, artisautzak eta herri-parte hartzeak izango dute pisu handiena. Urteko azken txanpan, herriak giro berezia biziko du abenduaren 13tik 24ra bitartean, eta protagonista nagusia dagoeneko badaukagu: Meri Xendo Santamas txerria.

Meri Xendo, Santamas eguneko protagonista

Aurten ere, Santamasetako ohiko txerria aurkeztu du komisiñuak. Meri Xendo da aurtengo protagonista: 182,56 kilo inguruko Pietrain eta Euskal Txerriaren arteko nahasketa, @zalonaaurrekoa baserritik Tronkomobilean jaitsiko dena. Hurbiletik ikusi nahi duenak aukera izango du Santamas bezperan plazan, edota egunean bertan herriko kaleetan zehar.

Borobileko dantza berreskuratuz

Aurten berriz hartu nahi izan da borobileko dantza, eta haurrak dantzara gonbidatzeko ekimena indartu dute antolatzaileek. 13:00etan, Herriko plazan, Txikitxu-Arrostaitz eta Lore Gazteak dantza taldeetako kideak ariko dira laguntzen, eta musika zuzenean izango da Udalaxpe Txistulari taldearen eta Arrasateko Trikitixa eskolaren eskutik. Parte hartzea irekia izango da.

Santamas eguna: Larrugintza, forja erakustaldia eta ganadu feria

Abenduaren 22an, artisautzak eta abeltzaintzak hartuko dute protagonismoa.

• Larrugintza tailerra (10:30 – 14:00)
Makabrak eta Elisabeth Alberdik zuzenean eskainiko dute Alunbre harriz egindako larrugintza tailerra. Ilea eta artilea duten larruak lantzeko teknika erraza erakutsiko dute.

• Forja erakustaldia (10:30 – 14:00)
Iker Gabilondok metala nola eraldatzen den erakutsiko du, forjaren oinarrizko teknikak zuzenean praktikan jarriz.

• Ganadu feria: erakustaldi bereziak eta berrikuntzak
Arizmendiarrieta plazan urtero bezala ikusgai egongo dira behiak, pottokak, moxalak, idiak, behorrak, astoak eta ardiak. Aurten, ordea, hegaztien erakusketarik ez da izango hegazti gripearen ondorioz, eta feriak ganaduari soilik egingo dio lekua.

Hala ere, jarduera bereziak izango dira:

  • Ardi-mozketaren erakustaldia, Mikel Velaskoren eskutik: 11:00etan eta 13:00ean.
  • Zaldi-lanen erakustaldia, Juan Ignacio Regorigo perratzailearekin: 12:00etan.

Komisiñuak nabarmendu du bi jarduerek “tokiko abeltzaintzaren inguruko ezagutza zabaltzeko aukera paregabea” eskaintzen dutela, eta herritar guztiak gonbidatu ditu azokara gerturatzera.

Abenduak 24: Olentzeroren etorrera eta eskutitz-bilketa

Goizean, ohikoa den bezala, Txoronpia, Txoronpio, Mateo Txistu eta Galtzagorriek Arrasateko auzoetan barna bildutako eskutitzak jasoko dituzte. 11:20tik aurrera Munar, Uribe, San Andres, Aprendices, Musakola eta Santa Teresa auzoetatik igaroko dira, eta 13:30 aldera Herriko plazara iritsiko dira. Auzoak alaitzen arituko dira Txikitxu-Arrostaitz, Lore Gazteak, Arrasateko Gaiteroak, Udaxpe Txistulariak, Arrasateko Trikitixa Eskola, Ttakun Txalaparta taldea eta Goikobalu.

Arratsaldean iritsiko da momentu magikoa: 18:30ean Monterronen hasiko da Olentzeroren etorrera, laguntzaile ugarirekin batera. Otalora, Maalako Errabala eta Erdiko Kale zeharkatu ondoren, 19:00ak aldera iritsiko da Herriko plazara, non Arrasateko haurrak agurtuko dituen.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen