Ekin Emakumeak elkarteak 30 urte bete ditu aurten, eta ospakizun handia ospatuko dute, bihar, urriaren 25ean. Pandemiaren ondorioz 25. urteurrena ospatu ezin izan zutenez, aurtengo ekitaldia berezia izango dela azpimarratu dute antolatzaileek: ilusioz eta parte-hartze zabalarekin ospatu nahi dute urteurrenaren jai handia.
Egitaraua 12:30ean hasiko da akrobazia musikatuarekin, eta jarraian, 13:00etan, Begisare eta Txatxilipurdi elkarteekin jolas inklusiboak egingo dira Biteri plazan.Bazkaria, berriz, Ferixalekuko jantokian izango da 14:00etan. Txartelak Irati, Monte eta Ekineko bulegoetan daude salgai, 15 euroan langileentzat eta 10 euroan langabetu eta 12 urtera arteko haurrentzat. Bazkalostean, 16:30etik aurrera, jaia Kulturateko Areto Nagusian jarraituko du musika emanaldiekin: Izadi, Minetou Lehbib eta Ndank Ndankako lagunak arituko dira oholtzan.
Ekin elkarteak urteurren honen harira gogorarazi du bere ibilbidearen oinarriak: feminismoa, euskara, aniztasuna eta memoria historikoa. Urteurreneko lelo berriak —“30 urte, berrekin, ekin, elkarrekin”— elkartearen balioak uztartzen ditu eta bere lan ildoen jarraipena azpimarratzen du.




