“Arrasateko Txosnetako kontzertuak ilusio handia eragiten dit”

0
1001

La Furia arrasatear-cascantearrak 10 urte egingo ditu aurten lehen diskoa egin zuenetik. Orain arte lau egin eta aurkeztu ditu. Sanjoanetan, ekainaren 25ean, kontzertua emango du gaueko 22:00etan hasiko den jaialdian.

-La Furiak 10 urte egin ditu aurten (2013-2023) zorionak! Nola baloratzen duzu ibilbide hau?

-La Furiak 10 urte beteko ditu bere lehen diskotik, sinets dezakezu orain zure bitartez ohartu naizela? Ez nuen gogoan, izan ere, ikuspuntu horretatik ez nago nigan oso zentratuta. Pentsatzen jarri nauzu, eta ez soilik 10 urteei dagokienez, baita egokia litzatekeela noizean behin nik iraganari bistadazo bat ematea.

Askotan soilik aurrera begiratzen dugu, presaka, nondik gatozen ahaztuta. Beste zentzu batzuetan gogoan eduki daukat nondik natorren. Hortaz, mila esker eta hausnartuko dut ea 10. urteurrena nola ospatzen dudan eta besteekin nola konpartitu.

10 urte hauek oso positiboki baloratzen ditut niri dagokidanez, nahiz eta ez den begiz onez ikusten norberari buruz ondo hitz egitea. Hastapen haietako nire helburuak egun errealitate direnez, oso positiboki baloratzen dut ibilbidea.

Nire helburuek batez ere zerikusia izan dute eszenatokian aritzeko formarekin, eszenatokian norekin aritzearekin, zer-nolako ekipoa osatzearekin, nire bizitzako denbora gehiena zertan aritzearekin, nire lana nola zuzentzearekin,…

Ildo honetan, egun duela 10 urte baino hobeto nago. Beste irakurketa batzuk ere egiten ditut, eta horietaz etengabe hausnartzen dut: zein eszenatokietan ari naiz, zein eszenatokietan aritu nahiko nuke, kuestionatzen ditut musikaren industriaren logikak argi izanda nirekin bat ez datozela,…

Beraz, batzuetan zaila da bertan izatea: ekonomikoki zutik mantentzea eta bestalde koherente izatea. Horregatik batzuetan kontrakulturarekin zerikusi handiagoa duten espazioen falta sumatzen dut, nire egungo egoeran.

Beste zentzu batean, oso pozik nago musikagintzan lan egin ahal izatea, hori bainaiz: musikako langile bat, duela urte batzuetatik. Asko pozten nau ere nire lanari esker eltzetik babak atera ahal izateak.

-Zein da kontzertua Txosnetan ematearen eta beste toki batzuetan ematearen arteko aldea?

-Argi dago aldea egon badagoela. Txosnek konektatzen naute kontrakultura toki horrekin, ni kontrakultura horren parte naiz eta nik kontrakulturan sinesten dut. Harrotasun handia eragiten dit txosnek ni aintzat hartzeak eta niri aukera ematea guztiok lekua izango dugun mundu, herri edota testuinguru baten alde lan egiten dutenek, eta nik sinesten ditudan baloreen alde lan egiten dutenek, jaia ospatuz.

Horrenbestez, horrek poz handia eragiten dit, gainera gogoan izanda hartu nauen herriaren Txosnak direla. Egia esanda, Arrasatek maitasun handiz hartu nau. Bertan bizi naiz, nire haurra bertan hezten dut eta familia bat osatu dut bertan. Beraz hunkituta nago, niri Arrasaten kontzertua emateak beti arima betetzen dit, areago Txosnetan edota Irati bezalako tokietan, nire orain arteko azken kontzertuaren tokia, sinesten ditudan gauzekin zerikusia dutelako.

-Aurten Zaintzen Greba Feminista Orokorra egingo da, horren harira zer adierazi nahi duzu?

-Beti da beharrezkoa feministek hitz egitea, feministok hitz egitea. Ez dut uste zaintzak erdigunean jartzea baino zerbait garrantzitsuagoa dagoenik. Baina atzo lagun batekin hitz egin nuen eta nahiko ‘erreta’ gaude “zaintza” terminoarekin, izan ere, askotan erabiltzen diren beste terminoekin gertatzen den bezala, azkenean beretzat hartzen dute terminoa ondo erabiltzen ez duen eta ondo erabili nahi ez duen jendeak. Ondorioz, terminoa edukiz husten da, irudi bat saltzen da, eta azkenean ahultzen dira bai terminoa, baita eraldatu nahi duena ere.

Oxala Greba etorkizunean berataz harro egoteko modukoa izatea. Ziur baietz, izan ere, Feminismoa da mundua mugiarazten duena, eta hori erabat frogatuta dago, areago azken gertaerak kontuan izanik. Beraz, Greba bide zuzena da, eta gu geratzen bagara mundua geratuko da, ea benetan geratzen dugun.

Bizi garen sistemak kolapsora garamatza, bai gizakiak baita planeta ere. Kolapsora eta heriotzera garamatza, beraz interesgarria da logika patriarkal horietatik irtetea. Baita adieraztea zaintzak demokratizatu ezean eta zaindu ezean, pikutara goazela ere. Emakumeok denbora luzea daramagu pikutara joaten, baita pikutara ez joateko erresistitzen ere, zaintza-lanak eta lan erreproduktiboak gure bizkar daudelako, hamarkadaz hamarkada. Beti horrela da, eta ondorioz zuzena da horri aurre egitea, orain arte hausnartu ez dutenek hausnar dezala. Hala ere, uste dut boterea ez dagoela benetan gure kexak aditzeko prest. Ez da inoiz prest egon, eta horregatik borrokan jarraituko dugu.

-Zer aurrera dezakezu Sanjoanetako kontzertutik? Jendea bertaratzera animatu nahi duzu?

-Bai noski, Arrasateko jendea etor dadila, ikuspuntu berekoi batetik, ilusio handia eragiten didate arrasatearrek nik esan behar dudana aditzeak, eta nik prestatutakoa ikusteak. Azken finean nire bizilagunak, herrikideak dira.

Gainera flipatzen nau leku berean ni naizen guztiak aldi berean izatea. Hau da, ez bakarrik ‘La Furia’ izatea, ni Arrasaten ez naizelako ‘La Furia’. Ondorioz, ilusio handia eragiten didate La Furia Arrasatera ekartzeak, nire alde hori ere herrikideei aurkezteak eta herrikideekin partekatzeak.

Bestalde, uste dut zerbait eskaintzeko daukagula, eta interesgarria izan daitekeela ikus-entzulearentzat. Ilusioa egiten dit Arrasaten kontzertua emateak, ez soilik eurek ni eszenatokian ikusteko, baita nik eurak ikustea ere, niretzat hori oso berezia izango da. Kontzertuan ikusteak egunerokotasunean zu ‘elikatzen’, laguntzen,… zaituen pertsonak plazera da, luxu bat da. Horrekin gozatu nahi dut.

-Beno ba erantzundakotik zerbait azpimarratu nahi baduzu, edo zerbait gehitu, aurrera, zurea da hitza.

-Azpimarratu nahi nituzke kontzertua berezia izango dela, Arrasaten kontzertua emateak beti ilusioa eragiten didala, oso eskertuta nagoela gu aintzakotzat hartzeagatik, eszenatokian nire esku dagoen guztia ematen dudala, ez dela gutxi, eta taldekideak, onenak nire ondoan daudela. Gure onena ematen dugu, eta Arrasateri keinuak egingo dizkiogu, kontzertuan gauza bereziak izango dira.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen