“8 pertsonako taldeek ere Olinpiadetan parte hartu ahalko dute, izen-ematea apirilaren 24a baino lehen”

0
2154

Hirugarren edizioan parte hartzeko formularioa hurrengo ostirala baino lehen aurkeztu behar da. Antolakuntzak berretsi du jokoetan aritzeko “adin mugarik ez dagoela”, eta Iñaki Barrutia Roa antolatzailearekin izan da, honatx elkarrizketa.

Artxiboko argazkia eta beheko testua: Arrasateko Olinpiaden Antolakuntza.

Hasi zarete Arrasateko III. Gazte Olinpiadetarako prestaketekin. Jo dezagun garrantzitsuenera: noiz izango da hitzordua eta nola eman daiteke izena?

Aurten olinpiadak ekainaren 20an ospatuko ditugu. Orain arte bezala, egun osoko jaia izango da eta izen-ematea jada zabalik dago. Parte hartu nahi duten taldeek formularioa bete behar dute apirilaren 24a baino lehen. Beraz, ez lo hartu eta eman izena lehenbailehen!

Data berezia aukeratu duzue, San Juanen atari-atarian. Zergatik ekainaren 20a?

Urtero bezala, San Juanen aurreko zapatuan ospatuko ditugu olinpiadak. Aurten San Juanak aste barruan direnez, zapatu hori aukera bikaina iruditu zaigu. Langile askok jai giroan eta lagun artean pasatzeko aukera paregabea izango dute. Egun borobila izango da San Juanei hasiera indartsua emateko.

Aurreko urteetan txosna-giroa oso garrantzitsua izan da. Aurten, ordea, txosnak oraindik itxita egongo direla aurreikusi duzue. Nola eragingo dio horrek festari?

Hori da aurtengo desberdintasun handiena, bai. Txosnak oraindik ez dira zabalik egongo, baina hori ezin da izan giroa itzaltzeko arrazoia. Hori dela eta, zerbait berezia prestatzen ari gara finalaren ostean festak aurrera jarrai dezan. Laster aurreratuko dugu zerbait horren inguruan, baina gure helburua herriari egun osoko proposamena eskaintzea da, gosaritik gauera arte.

Iaz 10 pertsonako taldeak eskatzen zenituzten, baina aurten aldaketa bat egon da, ezta? Zein dira parte hartzeko baldintzak?

Bai, aurreko urteko eskaerak entzun ditugu eta taldeak osatzeko prozesua erraztu nahi izan dugu: aurten 8 pertsona izatearekin nahikoa izango da. Gainera, argi utzi nahi dugu: ez dago adin mugarik. 18 urteko kintatik aurrera, mundu guztiak du lekua, 30, 40 edo 50 urte izan. Urtero entzun izan dugu egunean zehar “hain gaztea ez den jendea” hurrengo urtean apuntatuko dela esaten, baina gero, izen-ematea heltzen denean, 30 urtetik gorako taldeak faltan botatzen ditugu. Aitzakia ezberdinak entzun ohi ditugu: “gutxi gara kuadrillan”, “nire seme-alabak ez dit uzten”, “zaharrak gaude”… Aitzakiak alde batera utzi eta animatu! Gazte sentitzea jarrera kontua da! Murgildu jai giroan!

Hirugarren edizioa da hau. Zer ikasi duzue azken bi urteetako esperientziatik eta zein berrikuntza ekarriko dituzue aurtengora?

Esperientzia hori eta olinpiaden osteko feedbacka kontuan hartzen saiatzen gara. Herritarren iritziak gertuagotik jasotzeko asmoz, otsailaren 26an bilera ireki bat antolatu genuen edizio hau fintzeko helburuarekin. Jolas berriak diseinatu nahi ditugu eta sari ezberdinak ere eskaini. Iazko arrakasta ikusita, goizeko gosaria mantendu egingo dugu indarrak hartzeko. Aurten ere bazkaria egongo da, Arrasate Rugby Taldekoen laguntzaz. Gure asmoa da urtez urte harritzea, gaizki egindakoa hobetzea eta herriari gustatu zaiona mantentzea.

Amaitzeko, zer-nolako eragina izatea espero duzue Arrasateko herritarren artean?

Gure helburua betikoa da: herritarren arteko harremanak sustatzea eta, batez ere, Arrasateko kaleak bizitasunez eta festaz betetzea. Kuadrilla edo talde guztiak, heldu zein gazte, gonbidatuta zaudete parte hartzera. Utzi aitzakiak eta nagikeria alde batera eta animatu, egun borobila izango da eta!

Arrasateko Olinpiadak Instan

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen