3. autobus linea azkarraren ibilbidea egokitu du Udalak garraio publikoaren erabilera sustatzeko

0
951

Irailaren 13tik aurrera sartuko dira indarrean neurriok.

Testua: Arrasateko Udala.

Arrasateko Udalak herriko autobus zerbitzuan egokitzapenak egin ditu ikasturte berriari begira, zerbitzuaren efizientzian sakondu eta herritarrari zerbitzu egokiagoa eskaintzeko helburuz, garraio publikoaren erabilera sustatzearekin bat. Irailaren 13tik aurrera, astelehena, sartuko dira indarrean neurriok.

Hala, 3. linea azkarraren ibilbidean aldaketa bat ezarri da: ELMAko geltokia desagertzen da eta Zigarrolako industriagunetik egingo du ibilbidea autobusak Zalduspeko geltokira iristeko.

Horrez gain, Zalduspe eta Ospitaleko geltokiak bateratu dira eta honela, autobus linea guztiak Zalduspeko autobus geltokiko Zalduspe-Ospitalea paradan izango dute geltokia.

Bestalde, Udalak argitu du autobus guztiek IAT behar bezala dutela, eta une honetan egokitzen ari direla gasarekin funtzionatzeko eta horrela ekologikoagoak izateko, Arrasate herri jasangarriagoa egiteko apustuan. Hori dela eta, egokitzapen hori egiten ari diren bitartean, Oñatiko Udalak autobus bat utzi dio Arrasateko udalerriari, eskualdeko udalen arteko lankidetza eta harreman onaren baitan.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen