Abenduaren 19ra bitartean eman ahalko da bozka, udalaren eta Ibai-Arte merkatari elkartearen web orrietan. Parte hartuko duten establezimenduek pegatina bat daukate erakusleihoan QR kode batekin, zeinak bideratzen duen botoa emateko atarira.
Testua: Arrasateko Udala. Argazkia: MB artxiboa.
Arrasateko Udalak Gabonetako Eskaparate Lehiaketa antolatu du aurten ere. Guztira 26 saltokik hartuko dute parte. Establezimenduen erakusleihoak abenduaren 13tik urtarrilaren 6ra arte egon beharko dira apainduta.
Honakoak dira parte hartuko duten saltokiak: Amaia Albes, Tamayo, Resusta-Karrikiri, Maiatz, Kids&Us Arrasate, Belun, Peluquería Toñi & Sandra, Bea Lentzeria, Elena Moda, Eya Etxetresnak, Zarraoa Lurrindegia, Instituto Optico Auditivo, Gare Loradenda, Altuna Lurrindegia, Traskilon, Itxaso Mertzeria, Olgeta, Lirain Estetika, Kapikua, Sikol Lentzeria, Santa Marina Farmazia, Chic Estilistak, Intersport Loramendi (Maiatzak 1 kalea eta Garibai Etorbidea 6), Tienda Feli Eta Nua Estetika Zentroa.
Abenduaren 19ra bitartean eman ahalko da bozka, eta honek ‘Herritarren saria’ eta ‘Haur eta Gazteen Saria’ irabazteko balioko die establezimenduei. Bozkatzeko Udalaren webgunetik zein Ibai-Arteren webgunetik egin ahalko da. Parte hartuko duten establezimenduek pegatina bat daukate erakusleihoan QR kode batekin, zeinak bideratzen duen botoa emateko atarira. ‘Herritarren saria’ bozkatzen dutenen artean 100 euroko bost bono zozketatuko dira, eta ‘Haur eta gazteen saria’ bozkatzen dutenen artean 30 euroko bost bono. Hauek Arrasateko edozein komertzioetan gastatzeko dira.
Sari nagusiak hiru kidez osatutako epaimahaikideek banatuko dituzte: Ibai-Arteko ordezkari bat, diseinuan aditu bat eta Udaleko ordezkari bat. Sari banaketa abenduaren 21ean egingo da.
Honako hauek dira aurtengo sariak:
- 1. saria: plaka eta 600 euro.
- 2. saria: plaka eta 400 euro.
- 3. saria: plaka eta 300 euro.
- 4. saria: plaka eta 200 euro.
- ‘Herritarren saria’: plaka eta 300 euro.
- ‘Haur eta gazteen saria’: plaka eta 300 euro.
2019 urtean 1.415 herritarrek eman zuten botoa webgunearen bitartez. 2020an urtean, aldiz, 1.751 boto jaso ziren ‘Herritarren Saria’-rako, eta 100 boto ‘Haur eta gazteen saria’-rako.
Gabonetako Leiho eta Balkoien Lehiaketa ere martxan
Herritarrek ere aukera izango dute Gabon hauetan lehiatzeko. Udalak Gabonetako Leiho eta Balkoien Lehiaketa sortu du, herritarrei zuzenduz. Kasu honetan, izen emateko epea abenduaren 19an itxiko da. Sari hau herritarren bozkarekin banatuko da, eta bozka abenduaren 20tik 26ra eman ahalko da Udalaren webguneren bitartez. Leiho eta balkoien lehiaketan parte hartzeko argazki bat igo beharko da gutxienez webgunera.
Sari nagusi bat banatuko da: irabazleak 300 euroko saria jasoko du eta bozka ematen duten guztien artean 100 euroko bono bat zozketatuko da, biak herriko edozein komertziotan gastatzeko. Sari banaketa abenduaren 27an egingo da.