Hainbat arbola hil dira eta Musakola kiroldegiko igerilekuen kristalak apurtu dituzte. Suhiltzaileak alderik alde lanean dabiltza. Badirudi pertsonarik ez dela zauritu.
Argazkiak: Zenbait herritar eta Mondraberri.
Euskalmetek azken orduetan Arrasaten erregistraturiko haize ufadarik bortitzena 103 km/ordukoa izan da. Bart 22:30ean erregistratu zuen.

Haizetearen ondorioz zuhaitz ugari zendu dira. Herriguneari dagokionez, Txaetan, Gernika pasealekuan, Garro jenerala plazan, Zerrajera kalean, Udala auzoan, Alfonso VIII etorbidean, Zalduspen, … erori dira, eta suhiltzaileek lan handia izan dute han-hemenka.
Gaur goizean adibidez Gorostiza auzoko Maitena kalean eroritako arbola bat errepidetik kendu behar izan dute, besteak beste.


Atzo gauean haizeteak Musakola kiroldegiko barruko igerilekuetako kristal handiak puskatu ditu. Baita Santa Teresako autobusaren markesinarena ere. Auzo berean ikastolako atariko bi xafla bere lekutik atera ditu.

Suhiltzaileek Arrasaten bospasei jarduera egin dituzte, eta Bedoña aldean zuhaitz handi bat kentzekoak dira gaur goziean. Telefoniaren zutoin ugari ere bota ditu haizeak.
Printzipioz haizeteak ez du inori zauri larririk eragin, eta gaur lasaiago dabil. Hala ere, Larrialdi Zerbitzuek herritarrei aholkatzen diete tentuz ibiltzea objektuak, zuhaitzak edo bestelakoak erortzeko arriskua dagoen tokietan.

Aldundiak azaldu duenez, egindako interbentzio kopuruaren arabera, Arrasate Gipuzkoako bigarren udalerri kaltetuena izan da. Kaltetuena Irun izan da, interbentzio kopuruari erreparatuz gero.


Gainera, edukiontzi ugari euren tokitik mugiarazi ditu, eta edukiontzi batzuek ibilgailu batzuen aurka jo dute edota irauli egin ditu.












Albistea osatzen gabiltza