Framea: Itaia.
Azaroaren 25a, indarkeria matxistaren aurkako eguna, garrantzizko data da egungo emakume langilearentzat, agendan apuntatzen duguna, enpresa eta instituzioek txapa morea jarri bitartean hauekiko gorrotoa antolatzen duguna, kalera irtetzen garen eguna. Baina are garrantzitsuagoak dira urteko gainontzeko egun guztiak, bortizkeriaz eta zapalkuntzaz modu sistematikoan bizi ditugunak.
Gainontzeko egun hauetan guztietan gertatu dira Euskal Herriko 6 erailketa matxistak, Sarrigurenen, Zaragozan (Irungo bizilaguna erail zutenekoa), Basaurin, Iruñean, Argetas eta Angelun lurreratu direnak. Gainontzeko egun hauetan guztietan ere jasan izan ditugu etxegabetzeak, prostituziora behartuak izateak, bortxaketak, gure irudi sexualizatuen zabalpenak, abortuaren eskubidearen urraketak eta beste horrenbeste forma hartzen dituzten erasoak.
Egunerokotasuneko ogia bihurtu den errealitate hau, zentzuzko egitura bateko funtzionamendua da, sistema kapitalistarena, zehazki. Kapitalaren metaketa helburutzat duen eredu honek, beharrezkoa dauka kapitalaren jabetzaren araberako klase banaketa egitea, proletargoarena eta burgesiarena, hain zuzen ere.
Lehenengoaren esku-lana erabiliz elikatzen da bigarrena, bigarrengoak lehena mekanismo ezberdinez zapalduz. Etekin ekonomikoak mantentzeko eta handitzeko asmoarekin, laburbilduz, behe klasearen baitan subjektu azpiratuak behar ditu, zeinak klase berdinekoekin talkan biziko diren, burgesiaren aurka altxatu ez daitezen. Horrela, subjektu azpiratuetaz mintzo garenean, pertsona arrazializatuetaz, LGTB kolektiboko kideetaz eta emakume langileetaz mintzo gara, besteen artean.
Emakume langilearen errealitatean murgilduz gero, kapitalismoa honakoaren zapalkuntza bermatzeko tresna anitzetaz baliatzen dela ikus dezakegu. Honen baitan barnebiltzen dira lan prekarizatuak, zaintza-lanen erantzukizuna eta soldata arrakala, zeinak, funtsean, emakumeen dependentzia ekonomikoa erreproduzitzen duten, lana generoaren arabera banatzen duten eta lan feminizatuak debaluatzen dituzten, beste hainbat ondorioren artean, emakumea azpiratuta mantentzeko helburuz.
Gainera, gutxi ez balitz, subjektu zapalduak izateak, honek dakarren indarkeria matxistaren betikotzea eragiten du, hau da, indarkeriak, gure debaluazioa beharrezkotzat dauka bere baitan jarraitu dezan.
Hau guztia betikotzeko figurak eta mugimenduak nabari hazi dira azken boladan, ultra-eskuin alderdietatik eta ideia erreakzionarioetatik artikulatu direnak. Hauen eskutik eman da indarkeria matxistaren ukapena, emakumearen irudi “puru” eta hotzanaren zabalpena, etengabeko sexualizazioa, emakumeen aurkako diskurtsoen hedatzea eta erasotzaileen inpunitatearen gorakada.
Indarkeria matxistak, horrela, ondorengo egoeran uzten gaitu; 2026ko lehen zortzi hilabeteetan, EAE mailan, 2.971 emakumek salatu dituzte haien bikotekide edo bikotekide ohiek egindako erasoak (iazko datuekin alderatuta, %10,6a igo delarik, Emakunderen datuen arabera), aurtengo San Fermin jaietan bortxaketa bat eta hainbat sexu-eraso salatu ziren, Gasteizen, hamar egunetako epean, 15 eraso baino gehiagoren berri izan genuen irailean, Hondarribiko jaietan gutxienez hiru indarkeria matxista kasu eman ziren, eta berdin Zumaian eta Baionan. Arrasaten ere, Maritxu Kajoi gauean izandako bortxaketa indarkeria honen aurpegirik gordiñenetarikoa da.
Bizi baldintzen prekarizazioa areagotu eta indarkeria kasuek gora egin bitartean, ezkerreko alderdien jarduna mahaigaineratzea garrantzizkoa dela uste dugu, izan ere, argi ikusi da indarkeria matxista ez dela lehentasunezko auzitzat hartu, instituzio kapitalisten barruko kudeaketara mugatu baita erantzuna, eta emakumeen babesa ez da inondik inora bermatua izan. Horren adibide dugu urruntze-aginduen urraketak eta indarkeria jasaten duten emakumeak etxebizitza alternatibarik gabe uzten dituzten etxegabetzeak.
Erreforma eta lege berrien bitartez aldaketa kualitatibo eta kuantitatiborik eman ez dela ohartu gara, ideia faxista eta erreakzionarioei atea irekita utzi zaien bitartean.
Gordintasun honen guztiaren aurrean, instituzioetatik haratago eta ikuspegi independente batetik jardungo duen mugimendu indartsua eraikitzea dagokigu. Errotik problematika aztertzen eta horri aurre egiteko prest dagoen masa-mugimendua hedatzea dagokigu guri, langile klaseari. Kale mailako antolakuntza eta mobilizazioa indartzea, emakume langileok bigarren mailako nahi gaituzten guztiei aurre egitea eta indarkeria matxistaren aurkako borrokan lehen lerroan egongo den euste-horma eraikitzea dagokigu guri, emakume langileoi.
Duela gutxi irakurri nuen hurrengo esaldia; “Bortizkeriaren normalizazioak inpunitatea dakar, eta inpunitateak bortizkeriaren areagotzea”, eta guk, indarkeria matxistaren kudeaketara (eta ez desagerpenera begirako aldaketetara) mugatzen den politika instituzionaletatik at antolatzea beharrezkoa dela diogu, alderdiek modu ez-zuzenean sortu duten normalizazioarekin apurtzeko eta matxismoa errotik borrokatzeko.
Bide horretan, ITAIAtik, erasotzaileek tokirik izan ez dezaten eta beraien inpunitatearen aurka borrokatuko dugu, gero eta jende gehiago matxismoaren aurka posizionaraziz, eta herri zein auzoetan kaleko mobilizazioa hauspotuz. Horrela, indarkeria ukatzen duten diskurtsoen desartikulazioan eta indarkeria jasandako emakumeen babesa bermatuta egon arte lanean jarraituko dugu. Bide horretan gabiltza Arrasateko Matxismoaren Aurkako Asanbladan, zeina zabalik dagoen ekarpena egin nahi duen edonorentzat.
Indarkeria matxistaren aurrean erantzun irmoak emanez eta emakume langilearen kalitatezko bizi baldintzen alde borrokatzeko, dei egiten dizuegu Azaroaren 25ean Herriko Plazan mobilizatzera, arratsaldeko 18:30ean.
INDARKERIA MATXISTARI AURRE EGIN! GORA EMAKUME LANGILEON BORROKA!




