Martxan dago aurtengo Arrasateko Iragana Astintzen hitzaldi zikloa, AZEk antolatuta. Xabier Alvarez Yeregik salatu du erlojua, eraikinaren zaharberritzean, “txatarra bihurtzeko asmoa zutela”.
Goiko argazkia: Kulturate / Bigarren argazkia: AZE
Lehen ekitaldia ostegunean izan zen, entzule mordoxka bat bertaratu ziren eta izenburua ondoakoa izan zen:
‘Los relojes que sincronizaron nuestras vidas. El reloj de la Cerrajera’. Bi aditu aritu ziren ekitaldian:
Xabier Alvarez Yeregi (erlojuen maisu eta mekanikoen 5. belaunaldiko partaide) eta Luis Murua (Zerrajerako erlojuaren egilearen semea eta 4. belaunaldiko partaide).
Yeregik azaldu zuen nola egiten ziren erlojuak, zein osagai zituzten, nola muntatzen ziren, zein aurrerapauso eman ziren,…
Eskuko telefonoak, eskuko erlojuak,… ez zeuden garaietan, halako erlojuak oso garrantzitsuak ziren herritarren egunerokotasunean.
Yeragik defendatzen du erlojuak “zaharberritzea ez-inbaditzailea izatea, hau da, piezak kenduz edo pieza berriak jarriz”.
Yeregik Zerrajerako erlojua “edertasun karratua” bezala definitu zuen. “Erlojuak bi aldamenetan dituen bi gehigarriak ez balitu, ez luke ia bizitzarik izango”.
Erlojua eta bi gehigarriak “Union Cerrajerako lantegiaren antza dauka, karratu itxurakoa. Nik deitu diot ‘edertasun karratua’ Keparen [Kepa Olidenen] omenez, berak ‘esfera karratua’ definitu zuen”. Erlojua barrutik “zoragarria da eta eskerrak kontserbatu dela”.
Zerrajerako erlojuko mekanismoaren diseinatzailearen semeak ere hitzaldian parte hartu zuen.
Semea, Luis Murua gasteiztarra da eta “Murua erloju fabrikaren laugarren eta azken belanaldikoa naiz. Nire birraitona 1840an hasi zen, kanpaiak produzitzen zituen fabrika batean: Murga y Echevasta”.
“Espainian eta Amerikan zehar zabaldu ziren, eta garai hartan kanpaiak oso lotuta zeuden erlojuekin. Ondorioz, nire birraitona erlojuak ekoizten hasi zen”.

Enpresa horrek “Zerrajerako erlojua ere ekoitzi zuen, eta eskuz idatzitako agiri honek erakusten duenez [goiko argazkian]. ‘Reloj de horas y medias’, ‘de remontaje eléctrico eta ‘servido el 20 del 9 de 1941’“.
Lehenagoko erlojuei “gizon batek erlojuen pisuak altxatu behar zituen, horregatik erlojuak toki altuetan kokatzen ziren, kanpai dorreetan, pisuak maiztasun gutxiagorekin altxatu behar izateko”.
Union Cerrajerako sirenak jo zezan, “Muruak programatzaile mekaniko bat diseinatu zuen. Nik uste aldarrikatu beharko genukeela eguerdiko 12:00etan sirena hori jotzea, gure paisaia sonoroaren erakusle”.
Ordea, “duela bi urte inguru, pandemia baino lehen, Kulturola eraberritzen ari direnek aurrekontu bat eskatu zidaten, Zerrajerako erlojua txarra egiteko. Nik eskuak burura eraman nituen”.
Horregatik “Arrasatera etorri ginen, erlojua bertatik bertara ikusi genuen, eta berehala udaletxean azaldu genuen erloju enblematikoa dela. Nire ustez erloju hau egoera oso onean dago”.

“Zerrajerako erlojuak bikain funtziona dezake, hobekuntza batzuk eginda. Aitzakia bat da esatea erlojuak zehaztasun nahikorik ez duela. Zehaztasun handia jarri ahal zaio”.
Gainera, aldarrikatzen du “bertan jarraitzea, bere lekua delako, eta ez lekuz aldatzea, funtzionatuko ez lukeen tokietan”. Xabier Alvarez Yeregik eskatzen du”ondareaz hitz egitean kontu handiz hitz egiteko”.
Gaur egun, Zerrajerako erloju mekanikoa “hilda dago, eta plastikozko erloju bat jarri diote. Baina mekanikoak ere bikain funtziona dezake”.
“Jatorrizkoa ez den motore bat dauka, agian jatorrizkoa erre zelako, baita pisuak altxatzeko sistema ere. Beraz, penduluaren kontrolerako sistema bat jarri ahal zaio, penduluaren zehaztasuna mantentzeko. Gainera, olio oso gutxi behar du funtzionatzeko”.
Zerrajerako erlojua berriro funtzionamenduan jartzeko “boluntarioek gustuz (mekaniko edota ingeniari batzuek) erlojua desmuntatu eta garbitu lezakete, 600 euroren truke, esku-lanaren kostua kontuan hartu barik”.
Sistema elektriko edo elektronikoa jarri beharko litzaioke, eta “hori erlojugile edo erloju-konpontzaile batek egin beharko luke. Nik ez dut hori egiten, baina bada Hernanin bat, eta nire ustez 5.000 € ingururen truke egingo luke. Eraikina zaharberritzeak 5.000.000 euroko kostua izan du. Borondate kontua da, eta ondarea gurea da”.