Zaintza Sare Herritarrak, Caritasek eta Elikagai Bankuak elkarlana abiarazi dute

0
623

Zaintza Sare Herritarra COVID19aren ondorioz gehiago bistaratu diren beharrei modu komunitarioan erantzuteko abiatu genuen, erakundeek behar hauek kudeatuko ez zituztela aurreikusten genuelako. Aste hauetan ahalik eta herritar gehienengana iristeko ahaleginean aritu gara eta helburu horrekin, hainbat eragilerekin elkarlana abiatu dugu.

1.- Caritasek Arrasaten daukan Bidean egitasmoarekin lankidetzan ari gara. Bolondres ugari, bazterkeria egoeran dauden pertsonei babesa eskaintzen ari gara: telefono bidezko laguntza, mintzapraktika saioak…

2.- Elikagai Bankua berriz martxan jartzeko elkarlana abiatu dugu Caritas, Harreman eta Udalarekin. Elikagai Bankuak Arrasateko 600 herritar ingururi eskaintzen die zerbitzua eta martxoaren 11tik itxita egon da. Oraingoa bezalako larrialdi egoera batean lehentasunezkotzat jo dugu ekimen hau berraktibatzea, behar gehien daukaten horiei oinarrizko elikagaiak bermatuz. Nahi genukeena baino gehiago berandutu den arren aste honetan egingo da berriz banaketa, eta sare herritarreko bolondresok orain arte banaketa egiten zuten kideak ordezkatuko ditugu (arrisku taldekoak direlako).

3.- Udal Gobernuko ordezkariekin harremana lantzen eta lan koordinatu bat egiteko oinarria jartzen saiatu gara. Bizitzen ari garena bezalako egoera batean, Udalak komunitatearen beharrei erantzutea eta honekin elkarlanean aritzea ezinbestekoa dela iruditzen zaigu. Tamalez, Arrasaten orain arte ez da posible izan, nahi baino motelagoa da Udal Gobernuko ordezkariekin harremana eta ez dute Udalaren, eragile sozialen eta eragile komunitarioen arteko benetako elkarlanerako gune finkorik eratu nahi izan. Elkarlanaren inguruko ikuspegi desberdinak agerian gelditu dira. Azken aste honetan ordea, Udaleko Gizarte Zerbitzuetako eta Liburutegiko teknikariekin zuzeneko harremana garatzen hasi gara. Gizarte Zerbitzuekin koordinazio bilerak adostu ditugu psikologia zerbitzutik, herritarren beharrak eta laguntza eskaerak aztertu eta horiei lankidetzan erantzun ahal izateko. Liburutegiarekin, arrisku taldeetako herritarrei liburuak etxera eramateko sistema bat martxan jartzea posible ote den aztertzen ari gara.

Komunitate gisa antolatu eta auzolanean arituz gero, gaur egungo sistemak dituen hutsuneak azaleratu eta jendarte eredua aldatzen has gaitezkela bistan dago.

Aurretik aipatutakoetatik gain, hona hemen azken 50 egunetako ibilbidean Arrasateko Zaintza Sare Herritarrak burututakoak:

– Herritarrek egindako eskaerei erantzun, erosketak egin, medikamentuak eraman, zaborra atera, etxeko lanen zerbitzua eskaini, arreta psikologikoa…

– Herriko komertzioei deiak egin, irekita dauden herriko komertzioen gida zabaldu eta bertako komertzio txikien eta tokiko nekazarien produktuak kontsumitzearen aldeko kanpaina egin.

– Herriko zenbait farmaziekin herritarrei medikamentuak etxera eramateko elkarlana bideratu.

– Sareko bolondresen babeserako herriko jostunek elkartasunez maskarak egin

– Bizilagunen arteko espazio seguruen kanpaina abiatu (balkoietan zapi gorriak jartzeko ekimena).

– Aholkularitza juridikoaren berri emateko gida zabaldu.

– Ikasleei ikasketetan laguntzeko hezkuntza eragile eta norbanako desberdinekin harreman dinamika garatu.

Larritasuna areagotzen ari da etxe askotako teilatupean, krisialdi ekonomiko eta sozial larria pairatzen ari direlako, betikoak. Ezin gara lehengora itzuli, “normaltasun berria” bestelako jendarte eredu batean oinarritu behar da, PERTSONAK, BIZITZAK eta ZAINTZA erdigunean izango dituena.

Elkar zaindu dezagun.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen