Zabalik da Arrasateko entitateek Euskaraldian aritzeko izen-ematea

0
365

Bertako hainbat entitatek honezkero Euskaraldiarekin bat egin dute, tartean Ibai-Arte, Arrasate Musikal eta Ereindajan.

Bideoa eta beheko testua: Arrasateko Euskaraldia.

Euskaraldia badatorrela eta, hainbat entitate dira gure herrian izena eman dutenak jada. Bideoan ikus dezakegun bezala, Ibai Arte, Arrasate Musikal eta Ereindajan-ek izena eman dute beste batzuen artean.

Arrasateko Euskaraldiaren lantaldetik, aurtengo Euskaraldian parte hartzera gonbidatu nahi ditugu herriko taberna, denda, enpresa, kirol zein kultura talde eta baita eremu ezberdinetan lan egiten duten zerbitzuak ere.

Euskaraldiaren 3. edizioa azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da Arrasaten zein Euskal Herriko beste ehunka herritan.

2020ko Euskaraldian bezala, oraingoan ere, norbanako eta entitate bezala parte hartu daiteke.
Lehenengoek ahobizi edo belarriprest rola hartuko dute, eta bigarrenek ariguneak sortuko dituzte, euskaraz lasai aritzeko guneak, alegia.

Norbanakoena irailaren 28an zabalduko den arren, entitateen izen-ematea zabalik dago jada, eta epea udazkena arte luzatuko bada ere, azken momentura arte ez itxoitea gomendatzen diegu.

Aurrekoan parte hartu duenak, oraingoan ez du izen emate osoa bete beharko, nahikoa izango da hainbat datu eguneratzearekin. www.euskaraldia.eus web guneko entitateak atalean sartu eta izen-ematea aukeratuz, eguneraketa egin ahalko da. Bertan eskatzen den erabiltzaile edo pasahitzarekin arazorik edukiz gero, gurekin harremanetan jartzeko aukera dago berria lortzeko.

Euskaraldian lehenengo aldiz parte hartuko duenak, web gune berean sartu eta entitateak atalean izen-ematea klikatuz, datuak sartzeko aukera edukiko du.

Dena dela, Arrasateko Euskaraldia lantaldea laguntzeko prest dago beharrezkoa izanez gero. Beraz, zalantzarik edota zailtasunik edukiz gero, harremanetan jarri daitezke ondoko bideetatik.

-Arrasateko Euskaraldia. Ikuska Lizarralde. arrasate@euskaraldia.eus / 639942094
-AED Elkartea. Itxaro Artola. 943771228 / 695786852
-Arrasateko Udaleko Euskara Zerbitzua. Amaia Arana 943252008

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen