Honezkero, hainbat gara Arrasaten urriaren 8an, enpresa elektriko handien xantaiari ezetz esateko egingo den protesta ekimenari atxikimendua eman diogun eragileak. Arrasateko pentsiodunak, Mugimendu feminista, LAB eta ELA sindikatuak, Besaide Mendizale elkartea, Ekologistak martxan, AGAKO, EH Bildu, eta gehiago izango gara datozen orduetan.
Izan ere, urteak daramatzagu hilero ordaintzen dugun oligopolio elektrikoak inposatzen digun argindarraren ordain-agiria pairatzen. Langileak, ostalariak, enpresa txiki eta ertainak… Ezerk eta inork ez du ihes egiten elektriken iruzurretik.
Azken aste hauetan argindarraren prezioa etengabe ari da garestitzen. Prezioak gora eta gora egiten du, eta badirudi inor ez dela gai kontrolatzeko. Inork ez du iruzur horrekin amaitu nahi, hainbat alderdi politiko iruzur horren parte direlako. Zuen buruzagi historiko handi guztiak enpresa elektriko horien guztien administrazio- kontseiluetan daudela ahaztu dezakegula uste duzue?
Halere, gutako bakoitzari dagokio elektrikoen iruzurrarekin amaitzea. Gure esku dago oligopolio elektrikoak geratzea. Eta urriaren 8an urrats handi bat eman dezakegu zentzu horretan. Nola?
– 22:00etatik 22:30era, zuen etxeko eta negozioetako argiak itzaliz.
– Zauden lekuan zaudela (etxean, tabernan, kalean…) lapikoa, giltzak, zernahi joz edo astinduz, protesta eginez.
– Ekimenaren aldeko sinadura emanez www.deskonektatu.eus webgunean. Norbanako gisa zein erakunde gisa eman dezakezue.
– Whatsapp profilean, sare-sozialetan, zuen negozioko erakusleiho eta ateetan… “urriaren 8an deskonektatuko naiz” kartela jarriz.
Animatu eta egin bat ekimenarekin. Herritar, gizarte eragile, merkatari, ostalari, zerbitzu eta enpresa txiki… urriaren 8an argindar enpresa handietatik deskonekta gaitezen, denok elkartuta soilik lortuko dugulako iruzur honekin amaitzea.
Urriaren 8an, deskonektatu elektriketatik!
