Urriaren 3an Udalatxera eta Kurtzetxikira [Testua: Sare Arrasate]

0
675

Sarek ‘Izan Bidea’ ekimena martxan jarri zuenetik ekintza ugari egin dira. Oraingo honetan, Saretik urriaren 3an 650 tontor egitea proposatu dugu. Arrasateko Saretik  bi tontor aukeratu ditugu: Udalatx euren burua indartsu ikusten dutenentzat; eta Kurtzetxiki tontorra lasaiago egiteko aukera, bakarrik, lagunekin edo familian. Hori bai, tontor batetik zein bestetik elkartasun bera adieraziko diegu presoei eta euren senideei.

Testua eta argazkia: Sare Arrasate

Ekintza hau iragarri genuenetik Igor Gonzalez espetxeak hil du. Gaixo dagoen preso batentzat Euskal Herrian egotea ez dela nahiko frogatu da, tamalez; Igorrek etxean behar zuen legeak dioena betez gero. Izan dadila azkena! Agur eta ohore, Igor!

Arrasaten bertan, Aita Menni ospitalean, gaixo dagoen beste preso bat daukagu: Kepa Arronategi. Ez dugu ukatuko Etxetik 1.000 kilometrora baino askoz hobeto dagoela, baina legeak dio preso gaixoak etxean egon behar dutela, beraz, bete dezatela legea eta utz dezatela Kepa etxekoekin aske.

Azken egunetan Kanpaina mediatiko baten bidez, 5 preso Euskal Herrira ekarriko dituztela zabaldu dute. Presoei momentuz ez zaie deus komunikatu. Ez da harritzekoa Estatu Espainolean horrelakoak gertatzea. Ohituta gaude, baina berdin haserretzen gara.   Horietako bat Josu Arkauz da, preso Arrasatearra eta aspaldi kalean egon beharko lukeena, legeak esaten duena zintzo betez gero. Josuri gehienez bi hilabete gelditzen zaizkio kalera irteteko, beraz, dagoen lekuan, Murtzian, gelditzea ez lioke egingo kalte handirik. Ziur asko aldaketa honek onurak baino kalte gehiago ekarriko dizkio. Izan ere, kondukzioa, ziega desberdinetatik pasatu beharra, ezezagunak dakarren desoreka, funtzionario berriak, preso ezezagunak, eta beste abar luzea. Ohitu baino lehenago kalean egongo da! Animo, Josu, azken txanpa honetan!

Urriaren 3an mendi tontor bat egiteko hiru kasu hauek aipatu ditugu, baina ehunka arrazoi daude, presoak adina arrazoi, hain zuzen ere. Legea betetzeko borondatea baduzue ekarri preso guztiak Euskal Herrira, atera kalera preso gaixoak, 3/4ak bete dituztenak,…

Denon artean lortuko dugu, baina horretarako ezin gara etxean geratu. Hurbildu zaitez eta etorri gurekin Udalatx edo Kurtzetxikira.

Izan bidea Presoen kaleratzea lortzeko!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen