Urriaren 3an Udalatx eta Kurtzetxikin presoen eskubideak aldarrikatzera dei egin da

0
954

Sarek antolatuta, deitzaileek azpimarratu dute “Igor Gonzalezen hilketak” bezalakoak saihestu behar direla “preso gaixoak etxeratuz”. Kepa Arronategi esaterako preso dago Aita Menni Ospitalean. Beste preso eta iheslari politikoen eskubideak ere aldarrikatuko dira.

Sarek udaberrian eman zion hasiera Izan Bidea ekimenari, ondorengo erronkarekin: euskal herritar kopuru adina kilometro egitea, hau da, 3.127.326 kilometro egitea.

Ordutik, Euskal Herrian bezalaxe, Arrasaten ere ekimenak aurrera eraman dira: Kurtzetxikiko bideoaren grabazioa eta Arrasateko Bira. Orain nazio mailako erronka berri bat egingo da:

Euskal Herriko 650 tontor egitea, adieraziz “elkarbizitza, konponbidea eta bakea erdiesteko preso eta iheslari guzti-guztiak gure artera ekartzea ezinbesteko dela”.

Horretan “lagunduko lukete salbuespenezko legedia amaitu eta lege arrunta betetzeak. Larri gaixo dauden presoak etxean nahi ditugu eta beste preso guztiak Euskal Herriko espetxeetan egotea ezinbestekoa da”.

Era berean, “3/4ak eta abar, preso kopuru handia kalean, etxean egon beharko luke”. Izan ere, “Igor Gonzalezen hilketak garbi erakutsi digu, preso gaixoen kasuan Euskal Herriko espetxeetara ekartzea ez dela nahikoa, etxean baizik, maite dituztenen babespean”.

Sarek gogoratu du Aita Menni ospitalean dagoen preso Kepa Arronategi. Horregatik urriaren 3ko irteera bat Ospitale horren ondotik abiatuko da, goizeko 9:00etan. Ondoren, 10:30ean, Udala auzora iritsiko dira, eta Udalatxera igo ostean, talde argazkia egingo da gailurrean.

Beste mendi-irteera Biteri plazan abiatuko da 10:30ean, eta Kurtzetxikira igo ondoren, talde argazkia egingo da bertan ere. Beraz, bi aukera izango dira: Udalatx eta Kurtzetxiki.

Gaurko prentsaurrekoko eledunak korrikalari eta mendizaleak izan dira, Olatz Igartua eta Eneko Arrese hain zuzen:

“Mendian edo korrika sentitzen dugun askatasuna maite dugu, eta zaila egitean zaigu irudikatzea nola egon daitezkeen hainbeste urte espetxean eta hain egoera gogorretan”.

“ETAk indarkeria utzi zuenetik hamar urte igaro direnean, espetxeetan Covid-19 eta konfinamenduak egoera okertzea ekarri du, ziurgabetasuna muturrera eraman du preso zein senideentzat, milaka kilometro egin behar dituzten euren senideak ikusiko dituzten jakin gabe”.

“Egoera honekin amaitu behar dugu eta horretarako guztiok gara ezinbestekoak: Parte hartu Udalatx eta Kurtzetxikiko igoeran! Etor zaitez eta ekarri zure ingurukoak! Goazen kamisetak jantzi eta Izan Bidea aplikazioan kilometroak pilatzera!”.

Gaur arratsaldeko prentsaurrekoan Iosu Arkauzen eta Unai Paroten gertuko pertsona banak parte hartu dute, besteak beste. Agerraldia ondoko aldarrikapenekin amaitu da:

“Izan bakerako, konponbiderako, etxerako Bidea! Izan Kepa Arronategi eta preso gaixo guztiak etxera bizirik ekartzeko Bidea! Preso eta iheslariak etxera!!”. Aldarrikapen hauekin bat egin dute, besteak beste, ondoko mendizale eta korrikalariek:

  • Olatz Igartua
  • Eneko Arrese
  • Aritz Kortabarria
  • Eñaut Iturbe
  • Ane Zabala
  • Iosu Juan Llodio
  • Yoli Perez de Arenaza
  • Eneko Urrizalki
  • Etab.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen