Urrian irekiko dira ludotekak eta gaztetxokoak aforo murritzeko taldeekin

    0
    312

    Urriaren 12an hasiko da zuzeneko ludoteka zerbitzua. Irailaren 18an egingo dira gurasoekin bilerak, ate irekiak (irailak 21 eta 22) eta izen ematea (irailaren 30 arte), eta urrian jakinaraziko dira taldeak. Auzoetako gaztetxokoak urriaren 6an hasiko da eta erdiguneko gaztegunea urriaren 9an. 13 nerabeko taldeak osatuko dira.

    Testua: Arrasateko Udala.

    Ludoteka eta gaztetxokoen zerbitzua bizi dugun egoera berrira egokituko dira ikasturte berrian, zerbitzu duin eta seguru bat emateko. Urriaren 12an hasiko da ludoteka zuzeneko zerbitzua ematen eta gaztetxokoak urriaren 6an (auzoetakoak) eta 9an (erdigunekoa) irekiko dira. Ludotekan eta gaztetxokoetan izena emateko epea irailaren 23etik 30era izango da.

    Gaztetxokoak: nerabeen garapen pertsonala ardatz

    Auzoetako gaztetxokoak urriaren 6an irekiko dira eta erdiguneko gaztetxokoa urriaren 9an. 13 nerabe eta 2 hezitzaileko taldeak antolatuko dira. Taldeak nerabeen interes eta beharren arabera egingo dira, orain arte bezala, gazteak eta haien garapen pertsonala izanik ardatz. Whatsapp bidez emango zaie nerabeei osatu diren taldeen berri.

    Egungo egoera dela-eta, kanpoko espazioak lehenetsi nahi dira ekintzetarako, eta gaztetxokoak dinamikoak izango dira: izen ematea egongo da gutxi gorabeherako nerabe kopurua zein izango den jakiteko eta horren arabera taldeak eta funtzionamendua moldatuz joango da. Bestalde, hilean behin, aurrez izena emanda, ekintza berezi bat antolatzea aurreikusten da, eta herriko edonork parte hartu ahal izango du.

    Gaztetxokoetan aurten izen-ematea eskatuko da; erabiltzaileak horretarako gertatutako web formulario baten bitartez eman ahalko dute izena irailaren 21etik 30ra bitartean.

    Ludoteka, urriaren 12an martxan

    Ludotekako guneak egokituko dira egungo egoerara moldatu eta segurtasun neurriak betetzeko. Urriaren 12an hasiko da zuzeneko zerbitzua, baina irailean zehar emango zaie gurasoei ludotekaren inguruko informazioa, auzo guztietan egingo diren bileretan. Bi egun egongo dira ate irekietarako, espazioa ezagutzen ez dutenei bertaratzeko aukera emateko, betiere aforoa errespetatuz.

    Ludotekan izena emateko aukera egongo da irailaren 23tik 30era bitarte eta aurrez aurre, ludotekara joanez soilik, egin ahalko da. Ludotekan bertan egingo da izen ematea eta dirua eskutan eraman beharko dira. Hiru hileko izen emateak izango dira, eta hiru hilekoaren amaieran bazkide guztiei jarraitzeko asmoa duten galdetuko zaie.

    Urriaren 9an komunikatuko dira behin betiko taldeak eta gehienez 13 haur eta bi hezitzailekoak izango dira.

    Ludoteka eta gaztetxoko zerbitzuak Txatxilipurdi elkartearen bitartez eskaintzen ditu Udalak.

    Informazio gehiago nahi izanez gero, irailaren 21etik 30era hezitzaileak egongo dira ludotekan edozein zalantza argitzeko.

    ERANTZUN BAT UTZI

    Zure iruzkina utzi, mesedez!
    Sartu zure izena hemen