Testua: Isei Barbero.
Zapatu honetan Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek denboraldiko bigarren partidua jokatu dute, Euskal Ligako laugarren jardunaldiaren baitan Uni Bilbo izan dute bisitari Altamiran eta, una askotan indarrak parekatuta egon badira ere, azkenean puntuek Bizkaiarako bidea hartu dute. Azken emaitza 10-20 izan da bisitarien alde eta, modu honetan, Julen Barrutiaren mutilek garaipenaren zaporea dastatu gabe jarraitzen dute aurtengo denboraldian.
Hiru aste zeramatzaten lehiatu barik Kanpanzar Arrasate-Ordiziako mutilek, atsedenaldiak eta atzeratutako partiduak tarteko, eta etenaldi honetan goierritarrek eta arrasatearrek elkarren artean hobeto ezagutzeko denbora aprobetxatu dutela agerian geratu da gaurkoan Altamiran. Izan ere, bilbotarrek garaipena erdietsi badute ere, Barrutiaren mutilek zenbait unetan Uni Bilbo estu hartu dute. Azkenean, baina, eta izerdi asko bota ostean, etxekoek ez dute merezitako saria jaso.
Ordu laurdena bete baino lehen hartu du aurrea markagailuan Uni Bilbok, zutoinen artera bidalitako zigor kolpe baten bitartez (0-3). 23. minutuan bisitariek entsegua egin eta errenta handitu dute (0-8), baina berehala Barrutiaren mutilen erreakzioa iritsi da (7-8), berriro ere partiduan sartzeko erabilgarria izan dena. Lehen zatiko azken txanpan, ordea, bisitariek entsegu berri bat lortu eta 7-13koarekin hartu dute aldageletarako bidea bi taldeek. Esan beharra dago aurreneko 40 minutuetan etxekoek bi txartel hori ikusi dituztela, honenbestez, zenbait minutuetan gizon bat gutxiagorekin aritu behar izan dira.
Bigarren zatia hasi eta berehala, 7. minutuan, zutoinen artera bidalitako zigor kolpe baten bitartez Kanpanzar Arrasate-Ordiziak berriro ere bilbotarren errenta murriztu du (10-13). Ordu erdia betetzean etxekoek txartel hori berri bat ikusi dute zuri-moreek, eta une horretan Uni Bilbok arratsaldeko hirugarren entsegua lortu du, oraingo honetan transformazioan hutsik egin gabe. Ez da gehiagorako astirik egon, eta norgehiagoka aipatutako 10-20koarekin amaitu da.
Esan bezala, gaurkoan Barrutiaren mutilek berriro ere ezin izan dute garaipenik eskuratu, baina estreinaldiko partiduan Durangoren kontran eskainitako itxurak nabarmen egin du hobera, taldea aurrerapausoak ematen ari denaren seinale. Hurrengo asteburuan aukera berri bat izango dute Kanpanzar Arrasate-Ordiziakoek, oraingo honetan aurkari gogorraren kontra, ligako lider Sarako Izarrari egingo baitiote bisita.