Argazkiak eta bideoak: Ttakun.
Ttakun txalaparta taldeak Udalatxparta ospatu du gaur bere 30. urteurreneko ospakizunen barruan egiten ari diren ekintzen barruan. Goizeko 10:30ean atera dira Udalaren aparkalekutik.

Udalatxeko gailurrean adin guztietako 50 bat pertsona bildu dira. Tontorrean hamaretakoa egin dute eta eguerdiko 12:00etan txalaparta eta adarra jotzen hasi dira, bailara osoan entzun zedin. Gainera, Alvaro Arregi Besaide Mendizale Elkarteko kideak eskaini duen hitzaldiaz gozatu ahal izan dute. Arregik Udalatxen historia azaldu du, gurutzea nola jarri zen, besteak beste.
Ttakundik azaldu dutenez, “2014an Mendipartaren ekimenarekin hasi ginen, eta jo genuen lehen gailurra Udalatxen izan zen. Orduan 50 bat lagun bildu ginen. Gero beste tontor batzuetan jo dugun arren (Kurtzetxiki, Atxorrotz, Asentziomendi, Durakogain eta Muru), aurten, 30. urteurrena dela eta, Udalatxera itzuli nahi izan dugu. Giroa oso ona izan da. “