Arrasateko udalak energia trantsizioarekin eta energia berriztagarriekin duen konpromezuari eutsiz, 2007tik indarrean dagoen ordenantza moldatzeko erabakia hartu du. Ordenantza berriak, aurrekoak zituen hutsuneak bete eta egungo testuinguruari erantzun sendoa emateko aldaketak barneratu nahi ditu.
Testua: Arrasateko Udala.
Arrasateko udala bai energia berriztagarriak zein trantsizio energetikoa edota klima aldaketari aurre egiteko, apurka-apurka pausoak ematen dihardu. Horien artean SHREC Interreg Europe proiektuaren baitan garatutako FV-Etxean gidaren proiektua da adibideetako bat. Gida honek, Arrasateko etxebizitzetan eguzki energia fotovoltaikoa sortzeko eta kontsumitzeko instalazioak sustatzea du helburu.
Eguzki energiari lotutako indarrean dagoen ordenantza 2007an onartu zen, eta ez dio gaur egungo egoerari erantzun egokia ematen, izan ere eraikin mota zehatz batzuetan instalazio fotovoltaikoak ezartzea debekatzen du, besteak beste. Hori dela eta, Arrasateko Udalak eguzki energia aprobetxatzeko instalazioak arautuko dituen ordenantza aldatzeko lanak hasi nahi ditu.
Horretarako eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 133. artikuluan jasotzen denari erantzunez gaiarekin lotura duten pertsona fisiko eta juridikoei garatuko den ordenantza berriari ekarpenak egiteko epealdia zabaldu nahi zaio.
Horrela udaleko web orriaren bidartez, parte hartze prozesua zabaldu da.