Udal Zerbitzuetan, lan-baldintzak gaurkotzeko, lanuztea egon daiteke ostegunean

0
1805

Ekimenak “euskararen normalizaziorako neurriak”, “enpleguari loturiko neurriak”, “klausula feministak” edota “negoziazio-marko propioa” exijituko ditu. Lanuztea 11:00etatik 13:00etara egitekoa da, apirilaren 23an. Mankomunitateari dagokionez, dagoeneko iragarri du “itxita egongo” dela bi orduetan.

Udalhitz izeneko lan-hitzarmena 2010. urtean sinatu zen, eta 16 urte igarota, oraindik “ez da lan-hitzarmena berritu”, LABek salatu bezala.

Gehiengo sindikalak azaldu duenez, negoziaketetan EUDELen lehendakaritza duen “EAJren aldetik, edukietan sakontzeko borondate gutxi dago”. Areago, negoziaketak “blokeatuta daude”.

Orokorrean, bi sindikatuek “EUDELi eta EAJ, EH Bildu eta PSE-EEri exijitu diete udaletako lan baldintzak hobetzea”.

Mobilizazioen agendari jarraiki, ostegun honetarako, apirilaren 23rako tokiko Administrazioetako langileak lanuztera deitu dituzte, goizeko 11:00etatik eguerdiko 13:00etara. Honakoak dira aldarrikapenak:

  • Lehen aldiz enplegu publikoan sartzeko euskara eta gaztelania parekatzea eta hizkuntza-eskakizuna eta derrigortasun data lanpostu guztiei jartzea
  • Egun lanean ari diren langileen lanpostuei dagokienez, hizkuntza-plangintza propioak egitea tokian toki, lanpostu guztiek %100ean hizkuntza eskakizuna izatea eta bere egiaztatzea lortzeko. Hizkuntza plangintza horrek zehaztuko luke zein lanpostuk izango lukeen ezarritako hizkuntza eskakizuna betetzeko salbuespena, berau geroratuz edo atzeratuz
  • Negoziazio-marko propioa
  • Pribatizazioak gelditzea eta publifikazioak
  • Enpleguari loturiko neurriak
  • Gazteberritze-planak
  • Jardunaldi jaitsiera
  • Lanpostu balorazioak egitea
  • Soldata-igoerak
  • Klausula feministak
  • Lan-osasunerako neurriak
  • Trantsizio ekosozialerako neurriak
  • Kolektibo espezifikoetan neurri konkretuak adostea

Udalak gaur, asteartea baieztatu egin du lanuzteen ondorioz Udal Zerbitzuak eten daitezkeela, baina ostegunera arte ezingo dela jakin lanuztea zein zerbitzutan eta zein neurritan egingo den.

Debagoieneko Mankomunitateak ere gaur aldarrikatu ditu “Udalhitzeko eta udaletako mahaietan lan-baldintzak hobetzea hemen eta orain!”.

Hala, baieztatu egin du “bat egingo” duela lanuztearekin, eta beraz “Mankomunitatea itxita egongo” dela, “jendaurreko arreta etenda” bi orduz.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen