Udal Gobernuak iragarri du ez dela udal zerga eta tasetan inolako igoerarik egingo

0
499

Energia berriztagarrien arloan apustua egin da eguzki panelak jarri nahi dituzten etxebizitzetako sistemak jartzeko eta alde zaharra biziberritzeko asmoarekin bertako etxebizitzetan obrak lagunduz

Testua: Iker Murillo.

Arrasateko Udal Gobernuak astelehen honetan iragarri du ez dela udal zerga eta tasetan inolako igoerarik egingo. Neurria, azken hilabeteetan Covid-19aren krisiak eragindako bilakaera ekonomikoa aztertu ostean hartu dute: “Erabaki horrekin batera, 2021ean zerga-onurak eta gaur egungo zergadunei ordaintzeko erraztasunak mantentzea adostu dute”.

Alkateak adierazi duenez, proposamen honek aurreko ekitaldietan udal-gobernuak hasitako joerari jarraipena ematen dio: udalerrian jarduera ekonomikoa bultzatzeko helburuak lortzea, gizarte-izaerako neurriak hartzea guztiek bizi-kalitate hobea izan dezaten, aukera-berdintasuna bultzatzea eta epe labur, ertain eta luzean ingurumenaren babesari aurre egitea.

Horrela, proposamenen artean energia berriztagarrien arloan apustua egin da eguzki panelak jarri nahi dituzten etxebizitzetako zerga hobarituz; alde zaharra biziberritzeko asmoarekin bertako etxebizitzetan obrak lagunduz eta orokorrean saneatutako udal kontuak kontuan hartuta, arrasatear zergadunari karga gehiago eragin gabe.

Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan, zergaren kuota osoaren %50eko hobaria ezarri da, eguzki-energia aprobetxatzeko sistemak jarrita dituzten ondasun higiezinetarako.

Hobaria 10 urterako aplikatuko dela azaldu dute.

Alde zaharra egokitzeko eta biziberritzeko hobari gehigarria Eraikin, instalazio eta Obren gaineko Zergan. Etxebizitza erabileradun eraikinetako fatxadak birgaitzeko esku hartzeak sustatze aldera, hobari hauek gaur egun aplikatzen dira:

  • % 95eko hobaria: eraikin berean, hots, eraikin berdinean dauden atari guztietan, irisgarritasuna, bizigarritasun baldintzak eta eraginkortasun energetikoaren hobekuntza proposatzen duten esku hartzeak. 
  • % 75eko hobaria: eraikin berean, hots, eraikin berdinean dauden atari guztietan, bizigarritasun baldintzak eta eraginkortasun energetikoaren hobekuntza proposatzen duten esku hartzeak.
  • % 50eko hobaria: eraikin berdineko zati bateko fatxadan, bizigarritasun baldintzak eta eraginkortasun energetikoaren hobekuntza proposatzen duten esku hartzeak.
  • % 25eko hobaria: eraikin osoko fatxada txukuntzeko lanak (margotzea, hormako altxatuak konpontzea eta abar).

Alde Zaharreko antolamendu esparruak bere baitan dituen ondare elementu adierazgarriak (harresia, armarriak, erdi aroko azpiegiturak, partzelazioa…), bai eta berau osatzen duten egituraren, eraikinen, eta espazio publikoaren garrantzia historikoagatik, % 50eko hobaria izango dute alde zaharrean kokatzen diren etxebizitza eraikinetan egiten diren obrek, betiere 10.000€ (BEZ gabe) baino gehiagoko obrak direnean. Hobari hau ez zaie aplikatuko etxebizitza berrien kasuan. 

Egokitzapena ibilgetzeko zerbitzuan

Eta zerbitzuak eman eta jarduerak egiteagatiko tasan, ibilgailuak bide publikotik eramateko eta ibilgailuok zaindu eta ibilgetzeko zerbitzuan ondorengoa aldatu da: ordaintzera beharturik daude zerbitzua eragin duten pertsonak. Halakotzat hartuko dira eramandako ibilgailuen gidariak, eta, modu subsidiarioan, ibilgailuon jabeak, ez-legezko erabilpen kasuetan izan ezik. Haatik, ibilgailua bide publikotik eraman bada erakunde publiko baten agindua betetzeko xedez, kasu horietan, ordaintzera behartuta dagoena erakunde publiko hori izango da, baldintza eta zenbateko beren arabera.  

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen