Uda osoan asteburuero bisita gidatuak eta mendi ibilbideak Arrasate ezagutzeko

0
355

Testua: Arrasateko Udala

Bisita gidatuak zapatuetan eskainiko dira uztailean zein abuztuan; mendi irteerak, aldiz, domeketan egingo dira irail bitartean, asteburu guztietan.


Bisita zein irteera horien bitartez, udalak ezagutzera eman gura ditu herria eta herriko ondare historikoa eta naturala, eta, bide batez, bultzada eman gura dio Arrasateko garapen ekonomikoari, herritarrei zein bisitariei planak eskaini herrian bertan planak egin ditzaten, eta horren bitartez, herrian kontsumitzera bultzatu.
Izena emateko: BAZen, tel. 943 25 20 00 eta www.arrasate.eus/ezagutu

Dagoeneko heldu da uda eta, horrekin batera, Arrasateko Udalak jada aurkeztu du zer turismo eskaintza antolatu duen oporraldian, Arrasate ondo baino hobeto ezagutzeko, bai herritarrentzat, bai kanpotik herrira datozenentzat.

Horrela, “Udan, planik bai?” lelopean aurkeztutako programak Arrasate ezagutzeko bisita gidatuak eta mendi ibilbideak eskaintzen ditu asteburuero. Uztail eta abuztu bitartean, esaterako, bisita gidatuak egongo dira aukeran zapaturo Arrasateko historiaren, industriaren eta eraikin garrantzitsuenen inguruan. Arrasateko ingurune naturala ezagutzeko, mendi irteerak egingo dira domeketan, uztailean hasi eta irail bitartean.

Helburua da herriko ondare historikoaren zein naturalaren balioa nabarmentzea eta hura ezagutzera ematea, baina, aldi berean, herriko garapen ekonomikoari bultzada ematea, herritarrei zein bisitariei planak eskainiz Arrasate ezagutu dezaten, eta, horren bitartez, tokian tokiko kontsumoa bultzatzea.

Izena eman daiteke BAZen, 943 25 20 00 telefonora deituz eta www.arrasate.eus/ezagutu webgunearen bitartez. Antolatutako ekintzetan izena emateko, azken eguna izango da irteera aurreko egubakoitza, 12:00ak arte.

Azpimarratu behar da, jakina, bisita gidatuak eta ibilbide guztiak egingo direla prebentzio, segurtasun eta higiene neurri guztiak hartuta eta gordeta, betiere herritarren zein bisitarien osasuna eta ongizatea bermatzeko.

Eguna osatzeko, plan bat baino gehiago aukeran

Bisita gidatuekin eta mendi irteerekin batera, udan beste hainbat plan egongo dira aukeran Arrasaten eguna osatzeko.

Esate baterako, ekainaren 30etik uztailaren 30era bitartean, Udazabal musika programa izango da, herriko artistek eta taldeek eskainitako kontzertuez.

Halaber, uztailaren 17an, hilaren hirugarren zapatuan, tokiko produktuen azokarekin batera, Txakolin Eguna egingo da, eta irailean aukeran egongo dira Kulturate akustikoa, Mondran Bike eta Besaide Eguna. Eta urriaren 12an Udalatx Eguna ospatuko da.

Uda honetan aisialdi, kirol eta kultura ekintza ugari Arrasate herrian ondo pasatzeko!

Hona hemen bisita gidatuen eta mendi irteeren egutegia:

Bisita gidatuak

Uztail eta abuztu bitartean zapatuetan.
10:30ean euskaraz
12:00etan gaztelaniaz
Abiapuntua: Herriko plazan

Irailaren 18an, bisita gidatu berezi bat egingo da Arrasateko udaletxea eta haren historia ezagutzeko; 10:00etan euskaraz eta 11:00etan gaztelaniaz. Abiapuntua, kasu honetan ere, Herriko plazan izango da.

Mendi ibilbideak (uztailean, abuztuan, irailean):

Uztailaren 11n, domeka, “Galarrako koba”.
09:00etan euskaraz
11:00etan gaztelaniaz
Abiapuntua Meatzerreka elkarteko aparkalekuan

*Oharra: mendi ibilbide hau egiteko, ezinbestekoa izango da kaskoa (bizikletakoa, adibidez) eta eskuko linterna edo linterna frontala eroatea. Horrekin batera, eskatzen da mendiko oinetakoak eta arropa aproposa eroatea (tarte motz batean lurrean arrastaka ibili beharko da).

Uztailaren 18an, domeka, “Kanpanzar-Lurgorri-Udala Zirkularra”.
09:00etan
Abiapuntua Herriko plazan

*Oharra: eskatzen da mendiko oinetakoak eta arropak, eta hamarretakoa eta ura eroatea.

Uztailaren 25ean, domeka, “Ipar martxa (Nordic walking) Arrasate-Oro-Arrasate”.
10:00etan
Abiapuntua Herriko plazan

*Oharra: gomendagarria da Nordic Walking-eko makilak eroatea. Materialik ez duenari utzi egingo zaio. Kirol teknikoa da eta, horregatik, eskatzen da parte hartzaileak sasoi onean egotea, baita teknikaren berri jakitea ere.

Abuztuaren 8an, domeka, “PR-GI 96 Udala-Besaide”.
10:00etan
Abiapuntua Udalan, goiko aparkalekuan

*Oharra: eskatzen da mendiko oinetakoak eta arropak, eta hamarretakoa eta ura eroatea.

Irailaren 5ean, domeka, “Galarrako koba”.
09:00etan euskaraz
11:00etan gaztelaniaz
Abiapuntua Meatzerreka elkarteko aparkalekuan

*Oharra: mendi ibilbide hau egiteko, ezinbestekoa izango da kaskoa (bizikletakoa, adibidez) eta eskuko linterna edo linterna frontala eroatea. Horrekin batera, eskatzen da mendiko oinetakoak eta arropa aproposa eroatea (tarte motz batean lurrean arrastaka ibili beharko da).

Irailaren 12an, domeka, “PR-GI 91 Erregebidea-Bedoña”.
10:00etan
Abiapuntua Herriko plazan

*Oharra: eskatzen da mendiko oinetakoak eta arropak, eta hamarretakoa eta ura eroatea.

Arrasate zure kasa:

Aukera horiez harago, norberak, bere kabuz eta bere kasara, Arrasate ezagutu gura izanez gero, udalak erdigunean dauden ibilbideak gomendatzen ditu, hala nola Erdi Aroko ibilbidea, arnasguneak eta industria ondarearen ibilbidea.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen