Opera 2001 konpainiak Pucciniren ‘Turandot’ opera aurkeztu zuen atzo Amaia Udal Antzokian Ozenki elkartearen eskutik, Ibai-Arte, Arrasateko Merkatarien Elkartea, Goiena Aseguruak eta Arrasateko Udalaren babesarekin.
Sarrera guztiak salduta zeuden eta Amaia Antzokia lepo bete zen opera gau batez gozatzeko. ‘Turandot’ operak ez zien huts egin ikusleei, ez bakarrik musikari, abeslari eta dantzarien lan onagatik, baita dekoratuen eta jantzien ikusgarritasunagatik ere.
Operaren muntaketan eta antzezpenean 40 musikarik parte hartu zuten, Bratislavako Antzoki Nazionaleko zuzendari artistiko Martín Mázik zuzendaritzapean, muntaketaz arduratu ziren 100 pertsonak, eta beste hainbeste taula gainean, bakarlariak eta Siziliako abesbatza barne.
Txina inperialean girotutako opera da eta Turandoteko printzesa txinatarraren maitasun istorioa kontatzen du. 1926an estreinatu zen Milango Scalan. 2 ordu eta 30 minutuko iraupena du, 3 ekitalditan banatuta.












