Martxoaren 27an, Ozenki elkarte lirikoak opera berreskuratuko du Amaia antzokirako, formatu handiko ikuskizun batekin. Turandot, Inperio garaiko Txinan garatzen den Pucciniren obra, hiru ekitalditan banatua egongo da. Muntatze erraldoi hau aurrera eramateko 50 pertsona baino gehiago lanean arituko dira.
Argazkilaria: Julio López.
Turandot obra ezaguna Puccinik bukatu gabe utzi zuen musika-testamentuaren parte da. Bere obrarik banguardistena izateaz gain, idatzita utzi zituen operetatik onenetariko gisa hartzen dute adituek. 1926an Milaneko Scala antzokian estreinatu zenetik, gehien antzeztu den liburuxketako bat da, eta Ozenki elkarteari esker Arrasaten izango da martxoaren 27an, Amaiara gerturatzen diren ikusle guztiak aho zabalik uzteko asmoz.
Aipatu beharra dago, Santurtzin izango den emanaldiarekin batera, Arrasatekoa izango dela Turandot Euskadin ikusteko aukera bakarra.
Lau urteko geldialdiaren ostean, martxoko azken astelehenean “bel canto” deritzoten artea Arrasateko eszenatoki nagusira itzuliko da, eta operazale amorratuentzako opari bikaina izango da.
Obrak izen bereko Pekineko printzesaren bizitza hartzen du ardatz, eta Turandoten eta berataz maitemintzen den Tartariako Calaf printzearen amodioaren berri ematen du. Turandotek uste du gizon guztietatik bat bera ere ez dela duina bere amodioa merezi izateko, eta haien balioa egiaztatzeko bere eskua nahi duten guztiei hiru asmakizun erantzun ditzatela eskatzen die. Hiru horietakoren batean hanka sartzen badute, burua moztuko die. Calafek hirurak asmatzen ditu, baina Turandoti eskatzen dio maitasunagatik ezkon dadila eta oraingoan berak proposatzen dio emakumeari asmakizun bat, bere izena esan dezan eskatzen dionean. Printzesak erreinua itxi eta bertako guztiak torturatzen ditu gizonaren izena jakiteko. Calafek, hau ikusirik, Turandoti aurre egiten dio eta bere bizitza emakumearen eskuetan uzten du. Hark musu eman eta berarekiko amodioa agerian uzten du, eta aitari esaten dio bere izena ikasi duela: Amodioa. Erreinu guztia irrikitan dago printzesaren ezkontzagatik eta Turandoten bihotz izoztua azkenik urtu egin delako.
Turandoten azkeneko ekitaldian Nessun Dorma ezaguna dago, “Inork ez dezala lo hartu” esan nahi duena, historiako opera pieza ezagunenetakoa bilakatu dena.
Puccinik Giuseppe Adami eta Renato Simoniren obrari musika jarri zion, eta horrekin batera historia osoko operako partitura ezagunenetakoa erditu zuen. Horrela, Turandotekin musikagile italiarrak “bel canto”aren obra entzutetsuenetarikoa, baina baita konplexu eta ederrenetarikoa ere lortu zuen.
Opera honekin Ozenki elkarteak musika eta kulturarekiko interesa bultzatu nahi du herrian. “Arrasaten opera berreskuratzeko arte horretako pieza ezagunenetako bat aukeratu dugu. Ziur gaude inor ez dela Amaia antzokitik ase gabe aterako”, dio Manu Gallardo Ozenki elkarteko partaideak.
Liburuxka ulertzen laguntzeko, obrak zuzeneko itzulpena izango du gaztelaniara. Operak hiru ekitaldi izango ditu, eta emankizunak bi ordu eta erdiko iraupena izango du, atsedenaldia barne.
Martxoaren 27an Turandotek Amaia antzokiaren oihala altxatzeko bi aste falta diren honetan, Ozenki elkarteak gogorarazi nahi du sarrera batzuk geratzen direla oraindik salgai. Sarrera horiek Amaia antzokiaren txartel-leihatilan bertan edota arrasate.eus webgunean eros daitezke.
Lantalde handia
Pucciniren partiturari bizia emateko, Ozenki Elkarteak OPERA 2001 enpresan jarri du konfiantza. “Ibilbide oparoa dute eta ikuskizun gogoangarria izango da”, argitu du Gallardok. OPERA 2001 oso antzezpen zainduak eskaintzeagatik bereizten da, eta saio bakoitzean bereziki azpimarratzen dute kalitatea beren zigilu bereizgarria izatea.
Operaren tamaina dela eta, 10 muntatze teknikari iritsiko dira Amaiara Turandotentzat. Oihala altxatzen denean, jendeak 40 kideko orkestra baten eta oholtza gainean arituko diren 50 artista baino gehiagoko talde baten lana ikusi ahal izango du. “Ahalegin handia izan da Turandoten muntantze hau ekartzea, baina mugarri bat izango da bilarako egutegi operistikoan”, azaldu du Gallardok.
Ozenki elkartea
2011tik Ozenki Elkarteak lirika eta musika Debagoienera gerturatzeko egiten du lan. Elkarteak esperientzia luzea du bere atzean, eta egunero egiten du lan bere burua gainditzeko: “Turandotekin aspalditik lortu nahi genuen mugarri bat lortu dugu”, azpimarratu du Gallardok. Ikuskizun handi honek emango dio hasiera elkartea garatzen ari den programazio zabalari.
Datozen hilabeteetan debagoiendarrek Ozenki prestatzen ari diren egutegi artistiko zabala ikusi eta gozatzeko aukera izango dute; betiere, musika, Arrasateko txoko guztietara hurbiltzeko asmoarekin.