“Trantsizio energetiko eta digitala ahalik eta demokratikoena izatea behar da”

0
403

Zenbait elkartek antolatuta, Antonio Aretxabala geologo, ikertzaile eta zientzia-dibulgatzaileak hitzaldia eman du gaur arratsaldean.

‘Trantsizio energetiko eta digital baten Geologia planeta berotu batean’ izeneko hitzaldia egin da gaur arratsaldean Kulturaten.

Ekitaldi hau Orixol Mendi Elkartea, Aramaio Bizirik eta Askapenak antolatu dute, eta Antonio Aretxabalak eman du.

Galizian jaioa, Iruñean bizi da gaur egun, eta geologoa, ikertzailea eta zientzia-dibulgatzailea dugu.

Hitzaldian oro har azaldu ditu trantsizio digitala egiteko oinarri geologikoak. Horrela, ekitaldian aztertu ditu “beharrezkoak diren mineralak, erregai fosilak, horiek gabe ezingo baitugu trantsizio digitala egin”.

Trantsizio honek “bi alor oso garrantzitsu dauzka: batetik, energia berriztagarriak biltzeko teknologien ekosistema, eta bestetik, prozesuen automatizazioa, hau da, alor digitala”.

Planeta birberotuta dagoela baieztatu digu, kontuan hartuta “Parisko akordioaren 1’5 grado zentigrado ospetsua pasatu dugula”.

Gainera “aldaketa azkartzen ari da, eta jakin badakigu hidrokarburoen konbustio prozesu osoa berehala geratuko bagenu ere, ez genukeela arrakastarik izango, ez behintzat datozen hamarkadetan edo agian mendeetan”.

“Bizi dugun garai honetan eredu klimatikoen aldaketek nekazaritza, abeltzaintza,… kaltetzen dizkigute, hau da, azken 12.000 urteetako gure bizimodua”.

Aldaketa hauetaz gain, geologoak latrogeniak ere azaldu ditu hitzaldian, “efektu sekundarioak, alegia, adibidez zuk buruko mina kentzeko pilula bat hartu eta ultzera bat eragiten badizu”.

“Energia berriztagarriak biltzeko trantsizio digitalekin eta teknologikoekin basoak akatzen gabiltza. Arazo bat konpontzen ari gara, baina beste arazo larri batzuk sortzen”.

Mezu hau adieraztearen helburua “ez da inoren aurka egitea, baizik eta denon artean diagnostiko bat egitea, eta trantsizio ahalik eta demokratikoena egitea”.

“Unibertsitateko pertsona asko ikusten ari gara modu totalitarioak ezartzen ari direla, batez ere tamaina handiko enpresetan, inbertsio funts handietan, kasu”.

Halaber, ondorioztatu dute “soluzio teknikorik ez dagoela, teknologia bakar batek ez du arazoa konponduko. Teknologia asko erabili beharko dira zentzu handiz eta bihotzarekin”.

Ildo honetan, beharrezko ikusten du “fondo sozial, gizatiar eta afektiboa komunitateen arteko harremanak indartzeko. Jabetu behar gara deszentralizazio, deskonplexutasun, desglobalizazio eta desazkunde prozesu bat bizi dugula”.

“Hau arnastea bezalakoa da: bi mugimendu daude, bata arnasa hartzea eta bestea arnasa botatzea. Ezinezkoa da uneoro arnasa hartzen egotea, itoko eta lehertuko zara”.

“Normalean gizarte humanoek ere halako uneak dituzte, eta orain marea jaisten ari da, errekan gora arraun egin nahi badugu, asko kostako zaigu”.

Hitzaldiak, besteak beste, alor hauek jorratu ditu:

  • Energiaren historia laburra, TRE, zentralizazioa
  • Trantsizio berde eta digitala
  • Negazionismo energetikoak. Teorikoa eta dopatua. Ustelkeria eta trantsizio energetikoa egiteko ezineztasuna
  • Instituzioak, politikoak, pentsamendu magikoa eta aholkularitza interesatua: baliabideen kontsumoaren eta hazkunde berdearen arteko banaketa
  • Mineral gako batzuk
  • Jar ditzagun oinak Lurrean
  • Latrogeniak
  • Alemaniar estrategia: Energiewende

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen