The Potes taldeak bigarren diska aurkeztu du: ‘Damurik ez, bihotza aske’

0
1097

Testua eta argazkia: The Potes.

Bigarren diska aurkeztu du oraingoan The Potes taldeak. Estudioko bigarren lanak ‘Damurik ez bihotza aske’ du izena. 12 abestik ematen diete forma lan berri honi eta lehenengo diska baino gogorragoa den arren betiko esentziak presente jarraitzen du. Abesti guztiak euskaraz dira eta nabarmentzekoa da pianoren presentzia bigarren diska honetan.

2021eko apirilaren 17an kaleratu da. Aurkezpena indartzeko eta aurrerapen bezala, egun batzuk lehenago, ‘Parez pare’ kantuaren bideoklip bat zabaldu zuten.

Bigarren diska bat sortzeko ideia pandemia baino lehenagotik bazetorren ere, pandemia garaian forma hartuz joan da. Lokalean hainbat ordu pasatu eta kantak borobildu ondoren lokaletan bertan zein Haritz Harreguy estudioan grabatu dira hauek. Nahasketak Haritz Harreguy-ren ardura izan dira eta masterizazioa, berriz, Victor Garcia-rena (Ultramarinos Mastering).

Kolaborazioarik ez da falta izan: batetik, Aitor Huizi-ren (Huntza) biolina ‘Musikaren magia’ kantuan eta Pottoko-ren (Never Surrender) ‘Zein bakarrik zauden’ kanturako hitzak eta baita ahotsa ere. Hala ere, lokaletik beste hainbat lagun eta artista pasatu dira bigarren disko hau borobiltzeko bakoitzak bere ekarpena eginez.

Zazpi lagun, zazpi musikari, eta zazpi iritzi edota ikuspegi ezberdinek berriz ere disko bati forma eman diote eta taldea gustura dago emaitzarekin. Lehenengo lanetik hona pausu bat dagoen arren, abesti berriok The Potes-en izaera mantentzen dutela sinesten dute.

Askotariko doinuak ditu oinarri diskoak eta etiketa batzuen barruan sartzea zaila da. Askotariko publikoari irekita dagoen diska bat da: ‘Hasi gaitezen berriro’ edota ‘Pozoitutako kezkak’ bezalako abestiak lasaiak bezain atseginak dira, oinarri gitarra akustikoak direlarik. Aldiz ‘Galtzaileak’ edota ‘Ametsen bidean’ abestiak azkarragoak eta gogorragoak dira (beti ere taldea nondik datorren ahaztu gabe). Tartean, ‘Parez pare’ edo ‘Umetako jolasak’ bezalako abesti indartsu eta melodikoak.

Kultura gogor kolpatu duen pandemia honen erruz, lana kaleratzeko presa handirik gabe ibili dira. Hala ere, argitaratu gabe zain egoteak merezi ez duelaren usteekin kaleratu dute diskoa. Jendeak musikarekin disfrutatzeko, abesteko, salto egiteko, barre egiteko eta baita negar egiteko ere.

Zuentzat guztiontzat ‘Damurik ez, bihotza aske’

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen