Ibai-artek, Taupa tabernarekin elkarlanean, Swing Collective taldearen kontzertua eskaini du. Swing Collective Monica Duran arrasatearra buru duen formazioa da. Kontzertuan swingeko abesti ezagunenetatik ibilbidea egin dute.
Monica Duranek 15 urte baino gehiagoko esperientzia du eszenatokiaren gainean, eta oihartzun nazionaleko hainbat proiektutan liderra eta abeslaria da. Gainera, gospel abesbatzetan (Joyful Gospel Choir arabarra, kasu) bakarlari nagusia da. Abeslari polifazetiko hau CSMNko jazz interprete gisa goi-mailako ikasketen azken txanpan murgilduta dago. Gaur egun, bere jarduera guztia estilo honen inguruan egiten du, eta horri esker, Gasteizko Jazzaldia edo Arrasate Blues bezalako esparru garrantzitsuetan aritzeko aukera izan du. Kontzertuan Monicak musikari handiak izan ditu lagun, hala nola Elsa Lizundia (Saxo), Nerea Arrieta (Piano), David Martínez (Kontrabaxu) eta Pablo Barrios (Bateria).








