Gehiago edo gutxiago, abuztuaren amaierak beti suposatzen du kurtso eta erronka berrien hasiera edo, gutxienez, errutinarako itzulera bat. Aldaketa hau, gainera, normalean ez da xamurra izaten, baina txarrari onena atera nahi horretan, abuztuko itzulera elkarrekin leuntzeko aukera izan dute Zarugaldeko bizilagunek bertako jai batzordeak antolatutako egitarauarekin.

Duela 13 urte hasi ziren festa hauek antolatzen eta, superstizioen beldur barik, kalean eta komunitatean ospatu dute abuztuko azken asteburu hau. Auzoaren eta gizartearen aldaketek jaiak molde berrietara egokitu beharra ekarri dute, baina asmoak betikoa izaten jarraitzen du; bizilagunek euren harremanak partekatu, gozatu eta indartzeko gune eroso eta abegikor bat osatzea.

Horretarako, adin guztietako auzotarrentzako egitarau bat antolatu dute. Etxeko txikienek ireki dute egitaraua, merienda, bonba japoniar eta buruhandiekin, bolo-boloa eta gero eguneko ekintzarik jendetsuena etorri da auzo afariarekin, DJ Goiko-rekin eta zezensuzkoarekin egun ederrari amaiera emateko.








