‘Soulcrifice’ maiatzaren 8an aurkeztekoa da Lined talde arrasatearra Gaztetxean

0
1234

Bideoa: A. Elgezua Producciones Audiovisuales / Argazkia: Lined.

Taldeak iazko udaberrian argitaratu zuen bigarren diskoa, ‘Soulcrifice’, baina pandemiaren ondorioz oraindik ezin izan dugu kontzerturik eman.

Hala ere, pozik daude orain arteko zabalkundearekin, Ruben bateria joleak azaldu digun bezala. Izan ere, “taldekide batek taberna bat du Arrasaten eta disko etxeak online bidez salmenta kopuru nahiko ona egin du”.

Gainera, Valentziako disko etxe honek “elkarrizketa kopuru dezente lortu dizkigu, eta promozio ona egin digu”.

Jarraitzaileei bigarren disko hau ere “gustatu zaie eta horretan asko lagundu digu bideoklip bat egiteak. Kontuan hartzekoa da konfinamenduan jendeak sare sozialak gehiagotan begiratzen dituela”.

Hala ere, Rubenek baieztatu digun bezala, “guk nahiago dugu gure musika kontzertuetan zabaltzea”. Bigarren diskoaren lehen kontzertua emateko “zain egon gara, covid-aren inguruko baldintzak noiz hobetuko, baina ikusi dugu arazoak luzera joko duela”.

Horregatik “erabaki dugu, publikoa eserita egon arren, kontzertuak behingoagatik ematea”. Emanaldi hauekin “erritmoa hartu nahi dugu, eta horrela, pandemia gaindituko denean, kontzertuak egiteko prest izango gara”. Gainera, datozen zuzenekoek “kontzertuak emateko orain daukagun gosea arinduko digute”.

Konfinamendu garai hauek “soinuarekin probak egiteko baliatzen gabiltza. Monitoreak belarrian jarri ditugu, eta nahi ditugun nahasketak aukeratzen ditugu. Bestela, monitore hauek kontzertuetan zoruan eta nahiko saturatuta egoten dira”.

Kontuan hartzekoa da ere “aurreko diskotik denbora nahiko luzea eman dugula kontzertu bat eskaini barik. Horregatik orain garrantzitsua da erritmoa berreskuratzea”.

Disko etxeak eskaini zien “iazko irailean, konfinamendua baino lehen, atzerriko taldeen bira amaieran jotzea Frantzian eta Portugalen”.

Momentuz hiru kontzertu dituzte agendan, horietako bat Arrasateko Gaztetxean maiatzaren 8an. “Gogotsu gaude kontzertu hori ere emateko, izan ere, gustuko dugu lehen kontzertuetako bat lagunartean jotzea, giro erosoagoa da”.

Jarraitzaileak ere kontzertu ‘gose’ dira: “Musika zale askok urte erdi inguru daramate kontzertu batera joan ezinik, eta guri hemen zuzenekoa ematea eskatu izan digute”.

“Kontzertuetan publikoa eserita egon beharko da, eta beraz ez dira ohiko kontzertuak bezain dibertigarriak izango, baina musika zaleak animatzen ditugu Gaztetxera bertara daitezela. Neurri guztiak hartuko dira”.

Lehen kontzertua martxoaren 27an Eibarko Gaztetxean egitekoa da, Hybrid Moon taldearekin batera. Bigarrena, apirilaren 24an Oñatiko Gaztelekuan, Lee-Kore taldearekin batera. Aupa Lined! Egurre!

Lined Facebooken

Lined Instagramen

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen