Silvia Marsó: “Bluesa harrapatu eta betetzen nauen zerbait da”

0
318

Argazkia: ‘Blues & Roots’.

Igandean, apirilaren 22an, arratsaldeko 19:00etan, Silvia Marsók eta Danny del Torok ‘Blues & Roots’ ikuskizuna aurkeztuko dute Amaia Udal Antzokian, Ozenki elkarteak antolatuta, Ibai-arteren laguntzarekin. Silvia Marsók proiektuari buruz hitz egin digu.

Nola sortu zen ‘Blues & Roots’ proiektua?

Nire bizitza osoan kantua ikasi dut eta ikuskizun askotan, eszenatoki gainean, zuzenean abesteko aukera izan dut. Baina inoiz ez nintzen Del Toro Blues Band bezalako musika talde batekin elkartu kontzertuak eta ikuskizunak egiteko.

‘Blues & Roots’ diziplina anitzeko ikuskizuna da, antzerkia eta musika nahasten dituena. Bi formaturekin ari gara lanean: kontzertu-formatua, jaialdietan, kontzertu-lokaletan, errepertorio bera duena; eta antzerki-formatua, non eszenak, bakarrizketak, zinema, ikus-entzunezkoak dauden, non, istorio bat dagoen, antzerkiaren ikuspegitik kontatzen dena. Ikuskizuna zuzendu dut eta dramaturgia egiteaz arduratu naiz. Formatu hau egingo dugu Arrasaten, Amaia Udal Antzokian.

Bi formatuetan Federico Garcia Lorcaren testuak sartu ditugu, hain zuzen, ‘Poeta New Yorken’ liburuaren ‘Harlemeko erregea’. Oso esperientzia aberasgarria izan da Lorcaren testu batekin lan egin ahal izatea eta bere testuekin bluesa konposatzea.

Gainera, hezi egiten dizun ikuskizuna da, ekarpen bat egiten dizuna, gogoeta eginarazten dizuna. Munduko lehen protesta-abestietako abesti bat abestuko dugu ere, planeta eta gizartea aldatu zituena: ‘Strange Fruit’ (Fruta bitxia), Billie Holidayk ezagun egin zuena, ia bere ibilbide musikala kostata, oso abesti konprometitua zelako. Ikuskizunean genero honetako musiken hedapen handia dago, baita Danny del Torok bere bandarekin grabatu dituen azken kantuak ere.

Eszenatokiaren gainean Danny del Tororen bandarekin egon zara. Nolakoa izan da berarekin lan egitea?

Kolaborazioa Sergio Perez Menchetak zuzendu zuen ‘La puerta de al lado’ antzezlana egiten ari nintzela sortu zen, eta gure musikarietako batek Danny del Tororen gitarra-jolea ordezkatu behar zuen. Konpainiara gonbidatu gintuen kontzertura, eta ni liluratuta geratu nintzen egiten zuten musikarekin. Adiskidetasun ona sortu zen, eta handik denbora batera kontzerturen batean kantatzera gonbidatu ninduten. Kimika hain polita izan zenez, zerbait elkarrekin egitea erabaki genuen, eta horregatik sortu zen ‘Blues & Roots’.

Zergatik blues musika? Danny del Torok egiten duen musika motagatik bakarrik, edo zuretzat ere esanahi berezia duelako?

Del Toro Blues Band taldeak ibilbide luzea darama bluesarekin, musika beltzarekin, nazioartean. Ni ez nintzen inoiz musika mota honetan sartu, nahiz eta beti gustatu zaidan, txikia nintzenetik, eta nire aitonaren etxean Duke Ellingtonen disko bat entzun nuenetik, ‘Creole love call’ (Maitasunaren kreola deiturikoa) kantu liluragarri batekin. Kantu hau barruan geratu zitzaidan eta jazz musika entzun nuen lehen aldia izan zen. Une honetatik aurrera, nire gaztaro osoan entzuten nituen disko eta musika guztiek musika beltzarekin zerikusia zutela konturatu naiz. Soula, funkya, jazza, bluesa, musika guztien jatorria da. Harrapatu eta betetzen nauen zerbait da.

Arrasaten aritu ondoren, Euskal Herrian beste kontzerturen bat egitea pentsatu al duzue?

Hau da Euskadin joko dugun lehen aldia, eta gogo handia dut. Asko gustatuko litzaidake Euskal Herrian kontzertu gehiago eman ahal izatea, jakin baitakit euskal publikoa jazzaren, bluesaren eta, oro har, musika beltzaren oso zalea dela, eta asko ulertzen dute musika honi buruz.

Ikuskizuna Madrilgo Teatro Infanta Isabelen estreinatu genuen eta Madrilgo Mataderoan ere izan gara ‘Animales mixtos’ zikloaren barruan. Kontzertu formatuarekin kontzertuen lokalik esanguratsuenetako batzuk bisitatu ditugu, hala nola, Madrilgo Café Central eta Bartzelonako Luz de Gas. Oso pozik gaude orain arte izan dugun harrerarekin.

Disko bat edo beste formatu bat grabatzeko asmoa duzue?

Ez naiz ausartzen ezetz esatera, baina dena lasai egiten ari gara. Ikertzen ari gara, aktore gisa interpretatzeko dudan modua musika beltzarekin uztartzen ari gara. Oraintxe esperimentatzen ari gara. Nik ere ez nuen inoiz dramaturgiarik egin, eta ikuskizun honen bidez idazten hasi naiz, nire lehen argi-diseinua izan da, nire lehenengo jantzi-diseinua, dena egin dugu gure artean eta esperimentatzeko eta artista gisa hazteko gogo handiarekin.

Orain arte egin gabeko gauzak egiteko aukera eman dit. Orain, proiektu honekin zerikusia duten gai propioak sortzen hasiko naiz. Nire lehen sarrera konposizio musikalaren mundua da. Lorcaren olerkiaren bidez izan zen, entseguetan sortuz joan zena, eta blues itxura hartu zuen. Beraz, frogatu nahi dudan adierazpide bat da.

Igandean euskaraz antzerkira hurbiltzeko animatzen ikusi zaitugu.

Asko kostatu zait, baina asko gustatu zait bideo txiki hori egin ahal izatea jendea animatuz. Euskara hizkuntza ederra da eta beti gustatu izan zait. Niretzat ohorea izan da hitz egin ahal izatea pixka bat bada ere.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen