Shot! estudioak 25 urte: “Ihesa, guardia zibila,… gainditu genituen, orain Covida gaindituko dugu”

0
1510

Arrasateko musika estudioa “lanpetuta, gustura eta aurrera begira” dabil, Iñaki Bengoak azaldu bezala. Bertan RIP, Fermin Muguruza, Arrasateko talde pilo batek,… grabatu dute. Baita indarra hartzen dabiltzan rapa, hip-hopa,…

Zein da Shot! estudioaren egoera?

Lanean eta borrokan jarraitzen dugu, beti bezala. Sutea tokatu zitzaigun, eta kolpe gogorra izan zen. Horrekin alderatuta, Shotentzat koronabirusak garrantzi gutxiago dauka. Egia da ere, sutearen ondorioz estudioa berritu eta handik gutxira koronabirusa iritsi zela.

Covid-19aren ondorioz bi hilabete geldi egon behar izan dugu, baina orain lanpetuta gabiltza, gustura. Egia da azken bi urteak gogorrak izan direla, baina beti borrokalariak izan gara. Aurrera egiten gabiltza, eta egoera zail hau pazientzia handiz eta lan eginez gaindituko dugu. Ni baikorra naiz.

Zer du Shot!ek beste estudioengandik bereizten duena?

Nik uste dut ‘etxeko’ estudio bat garela, herriarengandik hurbil dagoena, ideia horrekin hasi ginen eta eutsi egin diogu. Guretzat garrantzi berdina dute (edo garrantzitsuagoa da) maketa bat grabatzeak talde entzutetsu baten disko bat grabatzeak baino.

Niri maketak grabatzea izugarri gustatzen zait, edo inoiz grabatu ez duten taldeekin grabatzea. Alde horretatik, litekeena da Shot!ek talde berriekin talde handiekin baino gehiagotan grabatu izana.

Punk, trikitixa, elektronika, hip-hop,… grabatu dituzue bertan ezta?

Bai, hasieran RIP, La Polla Records, The Cagas eta beste punk taldeekin grabatu genuen. Denboraren poderioz, Arrasate estilo berrietara ireki da, eta Shot!ek isladatzen du bertan eta inguru honetan egiten den musika.

Azken urteetan esaterako musika urbanoa, bakarlariena,… indarra hartu dute. Proposamen musikal horiek eta nire gustu musikalek ez dute zertan bat egin. Era berean, guri gustatzen zaigu kaleko joera berrietara ere moldatzea.

Aldea dago hip-hop disko bat grabatzea eta punk disko bat grabatzea?

Bai, alde oso handia dago, rap proposamen batean gehienetan pertsona batek soilik parte hartzen du, batzuetan Dj batekin, eta punk talde batean, ordea, lauzpabost pertsona dira, beste lan batzuk eskatzen dituztenak.

Bi grabazioek euren erakargarritasuna dute, eta gauza onak dituzte. Mundu ezberdinak dira, eta estudioko langileak zabalik egon behar du, adibidez egun batean txalaparta, hurrengoan trikitixa, hurrengoa heavy metal,… grabatzeko prest.

Hori polita da, beti musika berbera izango balitz oso aspergarria izango litzateke. Arrasaten eta Debagoienean aurrera egin dugu, estilo ezberdin gehiago egiten dira. Hala ere, denok punkyak gineneko egoera ere erakargarria zen, “me cago en dios” abesten genuen eta gustura geratzen ginen.

Baliteke orain hori falta izatea, jendea politikoki zuzenagoa da, baina nik uste punkaren izaera edo jarrera horretatik edaten dute  hip-hopak eta rapak. Izan ere, kritika soziala egiten dute, musikalki oso ezberdinak diren arren. Punka eta rapa gizarte-egoera zailetan jaioak dira.

Nola eragiten ari zaio koronabirusak musikagintzari?

Ni baikorra naiz, euskal kulturak hiesa, guardia zibila,… gainditu ditu, beraz koronabirusa erraztasuna handiagoz gaindituko dugu. Pazientzia behar dugu, beste egoera zail batzuetan behar izan den bezala. Aurrera egingo dugu.

Kontzertuetan eserita egon behar badugu, hala egingo dugu, posible da kontzertu bat jarraitzea garagardoa edan barik, aurrera egingo dugu.

Orain argiago ikusiko da zein den talde bakoitzaren kalitatea?

Bai, herenegun Nerea ‘La Furia’k kontzertua eman zuen San Andresen, eta eszenatokitik ikus-entzuleak eserita, lerrokatuta,… ikusten zituenez, azterketa baten antza zuen. Itxuraz ere meza baten antza zuen.

Baina, aldi berean, horrek abantaila bat dauka: orain publikoak adiago jarraitzen du bakarlariak edo taldeak egiten duenari, gehiago erreparatzen dio musikari, letrari,… Lehenagoko kontzertuetan ikus-entzuleak ondoko lagunarekin hitz egiten zuen, garagardoa erostera barrara joaten zen,…

Herenegungo emanaldia foko barik egin zen, kale gorrian, ezin urbanoagoa izan. Kontzertua Cordoba y Oron egitea izugarri ona iruditu zitzaidan.

Baliteke formatu hau zailagoa da talde musikalki ‘kañeroagoentzat’, euren ikus-entzuleentzat zailagoa delako eserita egotea emanaldi osoan zehar. Ordea, formatu hori Ruper Ordorika bezalako musikarientzat egokiagoa izan daiteke.

Aurrera egingo dugu, gure burua berrasmatu behar dugu beti, eta horretan musikagintzan iaioak gara, estilo ezberdinak jorratu ditugu.

Konfinamendua sortzaileentzat inspirazio iturri izan da?

Niretzat interesgarrienak izan diren musikak muturreko egoeretan sortu dira: punka, rapa,… Nik ezagutzen ditudan musikarien artean, batzuk asko sortu dute eta beste batzuek ezer ez. Agian denborarekin sortuko dute. Euskal Herrian une horietan piztu dira talde interesgarrienak, ea oraingoan ere hala gertatzen den, oxala.

Goseren itzuleraz hitz egin duzue taldekideek?

Ez, ni Inesekin kalean tril egitean hitz egiten dugu, baina Goseri buruz askotan ez, egia esan. Oraingoz Gose han geratu da, eta nire ustez orain Goseri berrekiteak ez luke zentzu handirik izango. Gose egiten oso ondo pasatu genuen, eta uste dut ekarpen oso ona izan zela. Garrantzitsuena da oso ondo pasatu genuela, nahi izan genuena egin genuen.

Agian orain Gose egingo balitz, ez luke funtzionatuko, ez litzateke jendearen gustukoa izango. Orduan trikia eta elektronika uztartzeak harrera ona izan zuen. 10 urte zoragarri izan ziren. Ez diogu itzulerari atea ixten, baina atea ez dago zabalik.

Itzultzen diren talde horiek, kasu batzuetan behintzat, norberari egiten dioten omenaldiak bezalakoak dira. Beste batzuk itzultzen dira eta itzulerak funtzionatzen du. Edonola ere, itzulera ez da behartua izan behar, naturaltasunez, Goseren sorrera bezala.

Arrasateko panorama musikala zabalduz doa?

Bai, eta hori positiboa da. Arrasate punk talde barik geratuko balitz, seinale txarra izango litzateke. Beharrezkoa da halako taldeak izatea. Eta aldi berean Arrasaten proposamen interesgarriak daude:

‘La Furia’ bera, Assata oso gustuko dut, estiloan eboluzioa izan du, eta gauza oso interesgarriak egiten dihardute. Suprim hip-hop oso interesgarria egiten dabil, kaleko lanean dabiltza emaitza interesgarri gehiago izan ditzakeena. Baita Jet-Set diskotekan bideo bat grabatu duen reggaeton egile bat.

Ekiñe Casado oso gustuko dut, oraindik nahiko gaztea den arren, urteak daramatza gauza interesgarriak egiten. Bere buruarengan sinesten badu, lan egiten badu, eta bere abesti propioak egiten baditu, gauza oso interesgarriak egingo ditu.Aniztasun hori herriarentzat aberasgarria dela uste dut. Aldi berean, Trikitixa Eskolak lan handia egiten dihardu, besteak beste Maixa irakasle, trikitilari oso onak sortzen,eta harrobi ona da Arrasateko musikagintzarentzat, baita maila orokorrago batentzat ere, Kepa Junkeraren biran, Gose taldean,…Iaz Arrasateko Gaztetxean hip-hop festibal bat egin zen eta jendez bete zen.

Ze talde gomendatzen dituzu?

Euskal Herri mailan Dupla eta Donostiako Raitx (Gaztea lehiaketa irabazi duena). Arrasateri dagokionez, lehen aipatu ditudanak. Estatu mailan Ira, beste rap batzuen artean, baita pop talde bat edo beste. Elektronikari dagokionez, betiko taldeak, nik joera hori izan dut.

Zer lan suposatzen du disko grabatzeak?

Funtsean da taldeak estudiora dakarren ideia formatu fisiko edo formatu digital batean gauzatu. Taldearen materiala ona bada, emaitza ona izango da. Taldearen materiala halamoduzkoa bada, emaitza halamoduzkoa izango da. Miraririk ez dugu egiten.

Shoten helburua da taldearen ideia ahalik eta era fidelenean islatzea formatu fisikoan edo digitalean. Beraz, elkarren arteko komunikazioa ezinbestekoa da, eta norberak azaldu behar du berarentzat zein den erarik egokiena.

Talde batzuek ideiak oso argi dakartzate eta ordenatuta etortzen dira. Ondorioz, lan errazagoa izaten da. Talde denak ez dira horrela etortzen. RIP edo La Polla Recordesekin grabatzeak adibidez lan gutxi suposatu zuen.

Maketak grabatzean, ordea, soinu teknikariarentzat lana entretenigarriagoa da, taldekideak bideratu behar direlako adibidez. Musikaren kalitatea garrantzitsua da baina baita taldea estudioan gustura aritzea, eta ideia abesti gauzatu daitekeela ikustea.

Estudioko mahaiak hainbeste botoi izanda, berau erabiltzea zaila da?

Ez, uste baino errazagoa da. Pertsonak azkar ikasten du mahaia erabiltzen. Talde batzuekin grabatzean, botoi ugari ez dituzu erabili behar, eta beste talde batzuekin gurako zenuke botoi gehiago izatea. Niri adibidez ezinezkoa iruditzen zait liburu bat idaztea.

Shotek 25 urte egin ditu, sutearen esperientzia barne, hori iragana da, eta inflexio puntu horrekin ‘garbiketa’ bat genuen, eta aurrera begira dihardugu.

Uste dut Shotek, lehen aipatutako taldeek bezala (RIP adibidez), jarrera, ‘aktitudea’ duela, eta bihotza jartzen dugu.

Internetek eragin ikaragarria izan du musikagintzan.

Musikaren industrian bai. Sortzaile batek bere etxean abesti bat graba dezake, baina estudioan grabatuta kalitate handiagoa izango du. Argazkiekin beste horrenbeste gertatzen da: zuk argazki bat mugikorrarekin egin dezakezu, baina argazki profesional bat nahi baduzu, profesional batekin izango zara. Uste dut ondo dagoela disko bat etxean grabatu ahal izatea, baina estudioak lasaitasuna ematen du, aholkuak jasotzen dituzu,…

Zein taldek grabatu dute Shoten?

RIP, Evaristoren proiektu ezberdinak (La Polla Records, The Cagas, The Meas, Gatillazoaren disko batzuk), Arrasateko talde ia denek hemen noizbait grabatu dute (Des-kontrol, Never Surrender eta antzeko taldeak). Marearen lehen diskoa hemen grabatu zen (lehen beste izen bat zuen taldeak).

Fermin Muguruza, Oskorri, Mikel Urdangarin, Oreka TX, Garik,… hemen grabatu dute Goserekin eginiko kolaborazioak. Gosek disko denak hemen, ‘etxean’ egin genituen.Gainera, pozten nau ikusteak Shoten maketa grabatu zuten taldeek aurrera egin dutela eta eboluzio bat izan dutela. Des-kontrolek hemen grabatu zuten eta harro sentiarazten nau euren ibilbidea ikusteak, baita beste talde ugarirenak ere.

Aurten ez da udako festibal handirik izango.

Nik nahiago dut kontzertuak Gaztetxean ikus-entzutea, aretoetan. Festibal handietan taldearen funtsa galdu egiten da, eta ez du merezi kontzertua pantaila erraldoi batean ikusteak. Denbora batez kontzertuak eserita ikusi beharko ditugu, baina egoera pasatuko da.

San Andresko herenegungo kontzertuan ikus-entzule ugari, adin ezberdinetakoak, auzokoak,… izan ziren. Jendea kontzertuak ikus-entzuteko gogotsu dago.

Shot Instagramen

Shoten webgunea

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen