Serge: “Gaurko kontzertuan folk, pop, musika akustikoa eskainiko dut”

1
675

Sortzaile arrasatearrak bere bakarkako lehen diskoa jendarteratuko du Monterronen. Bakarkako bigarren diskoa grabatzen amaitu zuen atzo bertan. Gaurko emanaldi berean Gari & Maldanbera ere arituko dira.

Argazkia: Bulego Ibiltariak bidalia.

Sertx-ek iaz bakarlari gisa lehen diskoa kaleratu zuen, eta bertako kantuak abestuko ditu gaur arratsaldeko emanaldian.

‘Enarak itzuli dira’ deitzen da diskoa, eta bakarlari ibilbideaz gain, 20 urtetik gora daramatza rockaren munduan, besteak beste Eraso taldeko abeslari gisa.

“Azken lau hilabeteetan ez dut kontzerturik eman, baina lehenago diskoa aurkezten hasia nintzen, eta hainbat kontzertu eman ditut lehen diskoarekin, harrera handia izan dute”.

Folk, pop, musika akustikoa, berritzailea, garaikidea,… egiten du Sergek egun. Gaur kitarra akustikoarekin arituko da, eta beste kontzertu batzuetan ‘sinte’a gehitu izan dio besteak beste.

https://youtu.be/ECDZYqxLsSM?t=2665

Zarauztarra jaiotzez, duela 15 urte Arrasatera bizitzera etorri zen. “Arrasatekoentzat ez naiz arrasatearra eta Zarautzekoentzat ez naiz zarauztarra. Nolabait brometan esan ohi dut A-8ko gizona naizela”.

Gaztetan Arrasatera ikastera etorri zen, bikotea bertan ezagutu zuen, eta egun hemen bizi da familian, “ni egun arrasatearra sentitzen naiz”.

Galdetu diogu ea non inspiratzen den gehiago, Arrasaten ala Zarautzen? “Tokia baino garrantzitsuagoa da norberaren egoera, eta konfinamenduan esaterako idazteko aukera izan dut”.

Izan ere, “konfinamenduko egunerokotasunean tarte bat aurkitu izan dut sorkuntzan aritzeko. Hala ere, ez dakizu noiz piztuko zaizun abestietarako mamia, eta baliteke urtebete osoko lanarekin disko bat egitea”.

Bakarkako lehen diskoarekin “oso gustura nago, uste dut lan handi bat dela, eta horretarako langile-sortzaile jardun dut”.

Bakarkako bigarren diskoa ere grabatua du jada: “Atzo bertan amaitu nuen bigarren diskoa, diskoa honezkero grabatuta dago eta espero dut laster kaleratzea”.

Gaurko kontzertuan Gari & Maldanbera ere joko dute Amaian: “Gari aspalditik dut ezagun, baina ez dakit zein proposamen ekarriko duen Arrasatera, eta euren proposamena ikus-entzuteko irrikaz nago”.

Kontzertua Monterron parkean izango da arratsaldeko 19:30ean, koronabirusaren aurkako neurriak hartuta.

Sertx-Serge Facebooken

Sertx-Serge Instagramen

Iruzkin 1

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen