Sarek “Izan bidea, ibiltarien sarea”, ekimena ezagutzera eman du

0
1192

Sare Arrasateren eskutik, “Izan Bidea ekimenarekin bat eginez bidali zuen argazkiak preso eta iheslarien eskubideen alde”.

“Izan bidea, ibiltarien sarea” Sarek abian jarri duen dinamika berria da. Honen oinarrian preso eta iheslarien auziari behin betiko aterabidea emateko urratsak eman, jendartearen aktibazioan sakondu eta herri honen aniztasuna eta zabaltasuna batzea dago.

Dinamika hau erronka batean oinarritzen da eta helburua Euskal Herriak dituen herritar kopurua kilometrotan egitea da, 3.127.326, hain zuzen. Xede bakarrarekin: bidea egitea; etxerako bidea, elkarbizitzarako bidea, bakerako bidea. Edonork har dezake parte, taldean, lagunartean, familian edota bakarka kilometroak edo urratsak eginez.

Horretarako, “Izan bidea” aplikazioa mugikorrera jaitsi eta bi eratara egiteko aukera egongo da: Batetik, “jarduera” botoia klikatzen duzun bakoitzean oinez, bizikletan, dantzan, zumba eginez, korrika… egiten dituzun kilometro edo ematen dituzun urratsak zenbatzen joango da (kasu honetan, mugikorra gainean eraman beharko da kokapena aktibatuz). Bestetik, “eskuz” sartzeko aukera dago: eginiko ibilbide edo ariketa bakoitzak neurtu eta aplikazioan eskuz sartuaz (kasu honetan ez dago zertan mugikorra gainean eraman behar).

Dinamika honen baitan, Sare Arrasatetik hainbat ekintza egin ditugu orain arte eta udarako beste ekimen batekin gatoz: aplikazioa erabiltzeaz gain, mendira joatean, bizikletaz ibiltzean, igerian… atera zuen argazkia kamisetarekin, zuek sortutako euskarriekin edo preso/iheslarien aldeko
mezuekin eta partekatu gurekin Facebooken, Twitteren edota Instagramen #IzanBidea eta IbiltarienSarea traolak erabiliz. Bestela, bidali zuen argazkiak sarearrasate@gmail.com helbidera eta guk igoko ditugu sare sozialetara.

Jada, hainbat herritar hasi dira leku ezberdinetatik argazkiak bidaltzen. Gainera, talde bat bizikleta martxa bat egiten ari da euskal preso eta iheslarien egoerari irtenbidea emateko kilometroak eginez. Beraz, herritar guztiak animatzen zaituztegu ekimen honetan parte hartzera, etxerako bidea, elkarbizitzarako bidea, bakerako bidea egitera.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen