Testua: Sare.
Sare Herritarraren dinamika berri bat aurkeztera gatoz. Dinamika berri honen xedea euskal jendarte guztiaren parte-hartze aktiboa bilatzea da, hiru ideia nagusiren baitan: preso eta iheslarien etxeratze prozesua martxan jartzea, elkarbizitzan bizi den jendarte baten eraikuntzan aurrera egitea eta bakearen aldeko urratsak ematea.
“Izan bidea, ibiltarien sarea” da Sarek aurtengo maiatzean abian jarritako dinamika berriaren izena. Preso eta iheslarien auziari konponbidea emateko urratsak eman, jendarteren aktibazioan sakondu eta herri honen aniztasuna batzea da dinamika berri honen oinarria.
Izan ere, jendartea fase eraikitzailean kokatzea garrantzitsua dela uste dugu, iraganeko zauriak sendatuz, aurrera begira jarrita. Finean, egoera hau behin betiko gainditzea nahi dugun ibiltari aktiboak gara, eta aurrera egin nahi duen oro sare honetara batzera gonbidatu nahi dugu.
Hala, elkarbizitzan eta bakean oinarritutako aro batera eramango gaituen bidea egin nahi dugun ibiltariak gara, baina hori guztia gauzatu ahal izateko herritarron ardura eta parte-hartzea ezinbestekoak dira, guztion bultzada beharrezkoa baita gauzak mugi daitezen.
Izan Bidea dinamika; zertan datza?
3.127.326 kilometro egiteko erronka ezarri diogu gure buruari, hain zuzen ere Euskal Herriak duen biztanle kopurua beste. Gure herriko herritar bakoitza ibiltari izatea proposatzen dugu, izan modu indibidualean edota kolektiboan, guztion artean bidea osatzea helburu izanik (dantzaldiak, ibilaldiak, lasterketak, irteerak, mendi-bueltak… eginez, zabaldu nahi ditugun aldarriekin). Inoiz egin den biderik jendetsuena egin nahi dugu.
Ekimen honen bidez, herritarrok protagonista izan gaitezen bultzatu nahi dugu, eta saretzen ari diren adostasunak modu ikusgarri batean plazaratu.
Dinamika honen barruan, Sarek hurrengo azaroaren 20-21-22ko asteburuan, Euskal Herriko herri eta auzoei protagonismoa emanik eta bertan bidea jende gehiagorekin egiteko gogoarekin, mobilizazioak deitu ditu. Dinamika herriguneetara eraman nahi dugu.
Arrasateren kasuan, dinamika honekin bat eginez ondorengo egitaraua antolatu dugu:
AZAROAK 18, asteazkena, 19:00etan Kulturateko Areto nagusian HITZALDIA “30 urte asko da, Aski da!! Bizi arteko zigorrik ez”. Hizlaria: Txema Matanzas (Abokatua)
AZAROAK 21, larunbata, 19:00etan, Sebero Altubetik, MANIFESTAZIOA “BIDEA GARA, BIDEAN GAUDE! DENAK ETXERA!”
AZAROAK 22, Igandea, 10:30ean, ARRASATERI BIRA, Bidegorriz bidegorri oinez, 10 km-ko itzulia.
Horregatik, ekimen honetan parte hartzeko gonbidapena egiten dizuegu. Bizi dugun pandemia garai honetan, lehen baino urgentzia, behar eta ardura handiagoz bidea egiten jarraitu behar dugula uste dugu.
Benetako bidea egitera goaz; etxeratzeko bidea, elkarbizitzarako eta bakerako bidea. Ilusioz, konpromisoz eta determinazioz urratsak ematen ari garen ibiltariak gara, elkarrekin ekiteko unea da. Batu zaitez gurekin eta izan zaitez zu ere bidea!