Sarek hileko azken ostiraleko kontzentrazioei berrekingo die eta ‘Izan bidea, ibiltarien sarea’ ekimena abian jarriko du

0
490

AZKEN OSTIRALA BADATOR, AZKENA IZAN DADILA!! ZATOZTE!! [Testua: Arrasateko Sare]

Martxoaren 18an Iosu Arkauzek 29 urte bete zituen espetxean, apirilaren 2an 30 urte dira Unai Parot atxilotu zutela, orduz geroztik preso dute. Beraien askatasuna aldarrikatzeko prestatuta genituen ekintza guztiak bertan behera gelditu ziren Martxoaren 13tik aurrera, Covid19ak eragindako konfinamendua tarteko, baina martxan jarriko ditugu ekimen berriak eta bertan behera utzi genituenak burutzen saiatuko gara ahal dugunean.

Geure azken bi hilabeteotako konfinamenduan jabetu gara zer izan daitekeen hainbeste urte urrunduak, sakabanatuak eta bakartuak egotea. Gainera, martxoaren 13tik bixitarik gabe dituzte euskal preso politikoak, lagunak eta senideak ezin ikusi daude, milaka kilometrotara urrundua izatea nahikoa ez eta zigor erantsia daukate.

30 urte asko da! ASKI DA! esaten jarraitzen dugu eta egunetik egunera arrazoiak metatzen dira. Injustiziak ez du etenik, komunikazioak murriztuta, osasuna bermatu ezin den lekuan, eta zigorra aspaldi beteak dituzten gure herrikideak preso jarraitzen dute.

Gainera, badira 40 eta 50 urte Eugenio Barrutiabengoa ‘Arbe’ eta Joxe Manuel Pagoaga ‘Peixoto’ Arrasatetik kanpo direla. Noiz arte? Enarak lez bueltan gura ditugu, herriko kaleetan libre.

Gaurkoan, hurrengo ostiralean, hilaren 29an, arratsaldeko 20:00etan herriko plazan burutuko den konzentraziora etortzera gonbidatzen zaituztegu. Edozein konponbidek, bakeak, elkarbizitzak, preso eta iheslariak gure artean eta bizirik egotea eskatzen duelako.

Bestetik, “Izan bidea, ibiltarien sarea” Sarek abian jarriko duen dinamika berria aurkeztu gura dizuegu. Dinamika honen oinarrian, preso eta iheslarien auziari aterabidea emateko urratsak eman, jendarte aktibazioan sakondu eta herri honen aniztasun eta zabaltasuna batzea dago. Finean, ehunka preso eta erbesteratu dituen egoera hau behin betiko gainditzeko ibiltariak martxan jartzea da gure asmoa.

Arrasaten ibiltarien Sare hori abian jartzeko Kurtzetxikin egingo dugu lehendabiziko ekintza. Martxan jarriko gara aldapan gora eta talde argazkia burutuko dugu tontorrean hurrengo igandean, maiatzak 31, eguardiko 13:00etan. IRTEN BIDERA!

Amaitzeko, espetxe politika ankerraren ondorioz Patxi Ruiz eta Julen Atxurra muturreko egoeran dituztela salatu nahi dugu. Beraien egoera lehen bait lehen konpontzea eskatzen dugu. Patxi, Julen eta gainontzeko preso eta erbesteratu politikoak etxean eta bizirik gura ditugu! Geurekin bat egitea aldez aurretik eskertzen dizuegu.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen