Sarek bere lan-moldea egokituko du, eta urtarrileko manifara deitu du, “helmuga denak etxera”

0
3993

Sare Herritarrak agerraldi jendetsua egin du Arrasaten, bere 12 urteko ibilbidea errepasatuz. Estatuak bere espetxe-politika aldatua duenez, Sarek iragarri du “2026-2027a trantsizio aldi” izango duela. Hala, urtarrilaren 9ko manifestazioak helburu izango du “euskal presoen eta eskubideen aldeko mobilizazioen ibilbide oso baten amaiera irudikatzea”.

Bideoa: Sare.

12 urte dira Sare sortu zenetik, “gure asmo nagusia izan da Euskal Herriko gizarte zibiletik sortutako tresna kolektiboa izatea”.

Ibilbidean “euskal gizartearen beraren zati handi batekin partekatutako ahaleginak” nabarmendu ditu, “neurria ematen saiatu gara”.

“Apustu argi batekin jaio ginen: aniztasuna bilatzea, edozeinek parte hartu ahal zezan”.

Sarek gogoan izan ditu espertxean hildako 30 baino gehiago pertsonak, errepidean hildako senide eta lagunak, baita ‘motxiladun umeak’ ere.

Estatuaren espetxe-politikak “sufrimenduari sufrimendua” gehitu zion, hiru hamakarda baino gehiagoan.

Orduko espetxe-politika “atzean geratu da”, izan ere, “2023an sakabanatze zein urruntze politikak amaitu ziren”, eta Sarek egun eskatzen du “espetxe-politika arrunta aplikatzeko”.

Gaur egun agertokia ezberdina da: 120 preso politiko inguru daude, eta horien %70 inguru 3. graduan daude edo 100.2 artikulua dute aplikatuta”.

Eta ildo honetan estatuak “legezkotasuna bete behar” du, “salbuespenezko neurririk gabe”.

Gaur “esan dezakegu egoera aldatu egin dela”, eta gizartean “gero eta irmoagoa da etapa hau ixteko erabakia”.

“Agertokiaren aldaketa sakon horrek gure dinamikak egokitzea eskatzen du”, eta ildo honetan “2026-2027a trantsizio aldi bat izan behar du”.

Adibidez “gure mobilizazioak errealitate berrira egokitu behar ditugu, baina gure helburuari uko egin gabe: azken preso, iheslari eta deportatua etxera itzultzea”.

“Uste dugu garaia iritsi dela etapa bati amaiera ematen hasteko”, eta hausnarketa hau “lasai, urjentziarik eta kontsignarik gabe partekatu nahi dugu”.

Agerraldiak adierazi du “Sare nahi dugun gizartearen adierazpide izan dela eta dela”.

“Horregatik guztiagatik gure jarduteko modua definitzeko unea da, 2026-2027a jomuga hartuta”.

“Mobilizazioekin nola jokatu eta haien egokitasuna aztertuko dugu, bai tokian toki, bai nazio mailan. Uste dugu gure lan-ildoa birmoldatu behar dugula, eta une bakoitzeko beharretara egokitu”.

“Ahaztu gabe gure helburua lanean jarraitzea dela”, eta “uste dugu osasuntsua eta arduratsua dela irudikatzea etorkizun hurbil horretan Sare ez dela beharrezkoa izango”.

“Pentsatu behar dugu Sareren amaiera, gauzak ongi egin ezkero, garaipen kolektibo eta eskertua izango dela, garaipen garrantzitsuenak halakoak izan ohi dira-eta”.

Giza eskubideen defentsa “gizarte osoaren konpromisoa da”.

“Aurten ahalegin kolektibo handiena egin behar da 2027ko urtarrileko manifestazioak adieraz dezan euskal gizartearen gehiengoak aurrera egin nahi duela. Helmuga denak etxera”.

“Gure helburua da manifestazioak euskal presoen eta eskubideen aldeko mobilizazioen ibilbide oso baten amaiera irudikatzea”.

Manifestazioa urtarrilaren 9an izango da, eta “guztion artean lortu behar dugu urtarrilaren 9ko manifestazioa euskal gizartearen gehiengoaren adierazpena izatea”.

Mobilizazio hori baliagarria behar du “denoi min egiten digun eta amaitu behar dugun egoera bati bukaera emateko”.

Albistea osatzen gabiltza

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen