Beheko testua eta argazkia: Arizmendi Ikastola.
Urtero bezala, neguko oporren atarian auzotarrek auzoko komertzioetan erosten jarrai dezaten animatzeko zorion postalak egin ditugu Arizmendi Ikastolako Santa Teresa gunean. Aurten, Ikastolako ikasleek auzoko adineko zentroko egoiliarrekin batera sortu dituzte hainbat postal eta beraiekin batera ere neguko-kantak abestuko ditugu.
Datorren abenduaren 20an, ostiralean, goizeko 10:30ean irtengo gara auzoko kaleetan zehar postalak banatzera. Ondoren, 11:30ean neguko kanta ezberdinak abestuko ditugu Ikastolako jolastokian eta jarraian 12:00etan San Isidro eliza ondoko plazan. Horretarako auzoko jubilatuen laguntza izango dugu aurten ere.
Ekintza honekin gure ekarpena egin nahi diegu auzoko komertzio txikiei, auzoa bizirik mantentzeko ezinbestekoak baitira. Denon artean, elkarlanean, auzoa bizirik mantendu nahi dugulako.




