Santa Barbara eta Villa Amparo ur-parkeak zabalik daude dagoeneko

0
492

Parkeak zabalik egongo dira egunero goizeko 10:00etatik arratsaldeko 20:00etara irailaren amaierara arte.

Argazkia: MB artxiboa.

Atzo, asteazkena, Santa Barbara eta Villa Amparo ur-parkeak ireki ziren. Udalak jakinarazi duenez, “iaz maiatzean izandako beroaldiak direla eta, irekiera aurreratzea erabaki dugu.” Parkeak zabalik egongo dira egunero, lanegunetan, asteburuetan eta jaiegunetan, goizeko 10:00etatik arratsaldeko 20:00etara irailaren amaierara arte.

Santa Barbarako ur-parkea izan zen Arrasaten duela hiru urte jarri zen lehena, eta 21 jolas ditu adin guztietako pertsonentzat. Udalak jakinarazi duenez, “iaz 110 pertsona baino gehiago jaso zituen parkeak egunero.”

Villa Amparoko ur-parkeari dagokionez, Santa Barbarakoa baino handiagoa da, eta duela bi urte inauguratu zen. Bi ur-zorrotada gune ditu: alde batetik, 4 urtetik gorakoentzako 18 jolas, bidegorritik hurbilen dagoen gunean. Eta, bestetik, Etxetxikiak ingurutik gertu, haur txikientzako gunea da, bi ur-zirkuituekin.

Udalak jakinarazi du, halaber, uretako parkeak ireki ahal izateko hainbat lan egin dituztela. “Ur-jolasak instalatu, deposituak eta iragazkiak hustu, ur-zirkuitua garbitu eta desinfektatu, instalazioa berriro urez bete, iragazketa eta arazketa martxan jarri, uraren laginak laborategi ziurtatu baten bidez hartu eta beharrezko analisiak egin.” Halaber, azpimarratu du “hilean behin, uren analisiak egiten dira, eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoak hainbat ikuskapen egingo ditu udako denboraldian.”

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen