EAJ-PNV, EH Bildu eta Elkarrekin Arrasatek adierazi dute goardia zibilen atxiloketak “bizikidetzarako oztopo direla”. Sanjosepeko sutearen ondorioz, etxe barik geratutako pertsonen egoeraren berri eman zuen Udal-gobernuak, EH Bilduk eskatuta.
Atzo arratsaldeko Udalbatzarrean Elkarrekin Arrasatek adierazi zuen faltan somatua zuela arrasatearraren atxiloketaren ondoren “Udalak aipamen bat behintzat egitea”. Azken egunetako atxiloketek gatazka “konpondu baino zaurietan sakontzen” dutela salatu zuen.
EH Bilduk gaitzetsi zuen atxiloketak “oso larriak direla”, “bizikidetzarako oztopo direla” eta “herri honen gehiengoaren borondatearen aurkakoak”. “Gure babesa Keparen gertuko guztiei, mobilizazioetan parte hartuko dugu”.
Udal-gobernuak adierazi zuen “arrasatear askorentzat horrelako ekintza batek bizikidetza oztopatzen duela. Udal mailan eta alderdi bezala, konpromiso irmoa daukagu Bizikidetza Mahaiarekin, bizikidetzak aurrera egin dezan”.
EH Bilduk mahai gainean jarri zuen Sanjosepeko sutearen ondorioz, etxe barik geratutako pertsonen egoera. Udal-gobernuak jakitera eman zuen atzo arratsaldean bilera bat egin zuela egoeraren berri emateko, eta “4 familia unitate Arrasateko hotel batean daudela. Gizarte Zerbitzuak eurekin kontaktuan daude”.