Rafaela Romero (PSE): “Hauteskunde hauetan demokrazia dago jokoan”

0
1097

Estatuko Kongresurako Gipuzkoako PSEren lehen hautagaia Merkatu txikian izan da. Baita bigarren hautagaia ere, María Luisa García, adieraziz “PP eta Voxen aukera atzerakoia eta oso kezkagarria dela”.

Gaur gauean bukatuko da Hauteskunde Estatalen kanpaina, eta PSEren Gipuzkoako bi hautagai nagusiak Arrasaten izan dira.

Alderdia larrosak eta propaganda banatzen ibili da Azoka txikian, herritarren artean. Arrasaten bizi izandako Rafaela Romero estatuko Kongresurako PSEren Gipuzkoako lehen hautagaia da.

Ekitaldian ondorengo mezua adierazi du: “Funtsean Arrasateko, Gipuzkoako, Euskadiko, Nafarroako eta Espainia osoko herritar guztiak bozkatzera deitu nahi ditut. Izan ere, hauteskunde hauek ez dira hauteskunde soilak”:

“Ez dago alternantzia jokoan, demokrazia baizik. Nik uste gehiengo progresistak kezka daukala, PP eta Voxen ideario sektarioarekin bat egiten ez dugun guztion kezka”.

“Guztion (gizon eta emakumeon) eskubideak arriskuan daudenez, gehiengoak bozkatzera joan behar dugu. Aurre egin behar diogu emakumeen, gayen, nazionalisten, gaztelera ez diren hizkuntzen, autogobernuaren, bestelako identitateen,… aurkako koalizioari. Aurre egin behar diogu gorrotoaren koalizioari”.

“Horretarako bozka eskura daukagu. Orain arte Euskadiko eta Espainiako aniztasuna oso ondo lan egin da gobernu sozialistarekin, bai eskubideak irabazteko, baita askatasunak bermatzeko ere”.

“Nik uste Euskadik erantzun ona emango duela hauteskundeetan, PP eta Voxen aurka, Santiago Abascal (frankismoaren 2.0aren adibide agerikoena) presidenteordea izan ez dadin”.

Era berean, Kongresurako PSEren Gipuzkoako bigarren hautagaia María Luisa García Gurrutxaga, eta Arrasaten baloratu duenez “hauteskunde-kanpaina ondo bidean izan da, oso ondo”.

“Egia esan, jendea oso mobilizatuta ikusi dugu. Leku guztietan gugana etorri dira, galdezka, animoak ematen,…”.

“Igandean bi aukera daude jokoan, denok dakigun bezala: alde batetik, gobernu progresista bat egitea, Pedro Sanchezen eskutik, eta beste aldetik, aukera atzerakoia eta oso kezkagarria, PP eta Voxen eskutik”.

“Beraz, jendea bozkatzera dei egiten dugu, erantzukizunez jokatzera. Babesa alderdi sozialistarentzat eskatzen dut, batez ere gure eskubideak bermatzeko, hazkunde ekonomikoan sakontzeko eta gure autogobernuan aurrera jotzeko”.

Hauteskunde-emaitzen inguruko aurreikuspenei dagokienez, “oso baikorrak gara, uste dugu hemen emaitza oso onak lortuko ditugula, eta Espainia mailako gure aurreikuspenak onak dira”.

“Nire ustez, kanpainako azken aste hau oso luze egin zaio Ñunez Feijoo jaunari, eta Alderdi Popularrari. Guk, ordea, gorantz egin dugu, Pedro Sanchezek esan zuen bezala. Oso argi daukagu jendea mobilizatuko dela eta gure alde joko duela”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen